'Su Zelaiak' hizpide Irakurle Txokoan

Txintxarri Aldizkaria 2016ko urt. 26a, 20:45

2016ko lehenengo saioa egin zuten Irakurle Txokoko kideek. Danele Sarriugarteren gidaritzapeko lehena ere izan da. Lehen Mundu Gerran borrokatutako euskaldunak hizpide dituen ‘Su Zelaiak’ eleberria aztertu zuten, bere idazle den Mikel Peruarena Ansaren laguntzaz. 2014ko literaturako Euskadi saria irabazi zuen eleberriak, baina uko egin zion ereñotzuarrak.

Hilero bezala, Manuel Lekuona kultur etxean elkartu ziren asteartean Irakurle Txokoko kideak. Orain arteko gidari Uxue Alberdik amatasun baja hartu berri duenez, bitartean, Danele Sarriugartek zuzenduko ditu saioak.

Idazle Elgoibartarrak beste herri batzuetan ere gidatzen ditu antzeko taldeak, Sopelan  eta Elgoibarren bertan, esaterako.

Lehen Mundu Gerra hizpide

Mikel Peruarena Ansa idazle ereñotzuarraren ‘Su Zelaiak’ eleberria izan da 2016ko lehenengo saio honetako protagonista.

Lehen Mundu Gerran Ipar Euskal Herritik Frantziaren alde borrokara deituak izan ziren euskaldunen istorioak dira liburuaren ardatza. Batez ere, Baionako 49. erreximendua.
Bertaratutakoek liburuari buruzko iritzia partekatu zuten. Gehienek bat egin zuten oso ondo idatzia dagoela esatean. Erabilitako euskara eta euskalkiari buruz ere aritu ziren denbora batez.

Lehenengo Mundu Gerra hain ezagun egiten ez zitzaiela nabarmendu zuten batzuek, euskaldunek bertan izandako papera gutxiagotan aipatu baita. Sarriugartek azaldu zuenez, euskaraz egindako guda literatura gehiena Espainiako Gerra Zibilari buruzkoa izan da.

Dokumentazio lana

Peruarenak liburua idazteko prozesuari buruz aritu zen bertaratutakoekin. 2009an bere aurreko eleberria, ‘Ez obeditu inori’, amaitzean hasi zuela aipatu zuen.

Denbora luzean dokumentazio lan handia egin zuela azpimarratu zuen. Besteak beste, Gerra kronikak, liburuak eta orduko prentsa aztertu zituen. Euskara hutsez argitaratzen zen ‘Eskualduna’ aldizkaria, esaterako.

2014an literaturako Euskadi sariari uko egin zion Peruarenak. Finalisten artean hautatu zutela jakitean, epaimahaiari eskutitza idatzi zion bere erabakiaren berri ematen. Irabazle izendatu zuten, azkenik. Azpimarratu zuten bere hautua errespetatzen zutela, baina urte hartan euskaraz egindako eleberri onena saritzeko ardura zutela.

111 Akademiaren saria jaso zuen, ordea. Azaldu zuenez, “irabazi ekonomikorik ematen ez duelako eta garailea irakurleek beraiek hautatzen dutelako”- Halaber, hori onartu izateak “ezinegona” sortu ziola nabarmendu zuen, eta ez zuen halakorik nahi Euskadi sariarekin.

Hurrengo saioa

Otsailaren 16an elkartuko dira berriz Irakurle Txokoko lagunak. Katixa Agirre gasteiztarraren ‘Atertu arte itxaron’ aztertuko dute. 

Bere lehenengo eleberria da, eta Euskal Herrian zehar egindako road movie baten antzeko formatua du. Gune eta historiako gertakari ezberdinak errepasatu egiten ditu.