Lasarte-Oriako Udalak hiri-hondakin gutxiago sortzearen eta gehiago birziklatzearen aldeko ekimenak sustatu nahi ditu. Aurten zehazki herriko komertzio eta ostalaritzako establezimenduetan sortzen diren kartoi hondakin guztiak gaika modu egokian biltzea du helburu.
Komertzioek kartoi hondakinak edukiontzietan utziz gero, hauek betetzen direla azpimarratu du Udalak. “Edukiontzi kanpoan uzten direnak ez dira birziklatzen, sortzen dituen garbitasun arazo eta itxura txarraz gain”.
Horregatik, Sanmarko Mankomunitateak sortzen diren kartoi hondakinak komertzio edo ostalaritza establezimenduetatik bertatik biltzeko doako zerbitzua eskaintzen duela ematen dute jakitera. Hau asteartero 9:30etik aurrera komertzioz komertzio doa kartoiak biltzen. Hori bai, dendariek kartoi hondakinak tolestuta eta pilatuta eduki behar dituzte ordurako.
Aste berdearen barruan, ekainaren 1etik 5era bi ingurumen-hezitzailek herriko 300 bat komertzio eta ostalaritza establezimendu bisitatuko dituzte zerbitzuaren informazioa eman eta parte-hartzera animatuz. “Herriko komertzio eta ostalaritza establezimenduen parte-hartzeari esker birziklatze emaitzak hobetzea lortuko dugu eta gure kaleak garbiago eta txukunago izango ditugu”.
Egun 80 establezimendu daude izena emanda Lasarte-Orian kartoi bilketa zerbitzu horretan. Honetaz baliatzeko, komertzioek Sanmarko Markomunitatera deituz, 943 21 49 77 izena eman behar dute.
Honetaz gain, bi ingurumen-hezitzaile hauek kalez kale triziklo berezi batzuetan ibiliko direla jakitera eman du Udalak. “Horrela, herritarren arreta bereganatuko dute eta birziklatzearekin izan dezaketen edozein zalantza argitzeko aukera paregabea izango dute”.
Baratza balkoian
Bestetik, herritarrei zuzendutako “Baratzea nire balkoian” ikastaroa eskainiko da. Honetan lorontzietan barazki ekologikoak landatzen ikasiko da. Helburua “herritar gehiagok beren balkoietan baratzak izatea” da.
Hala nola, balkoi batean barazkiak zaintzeko moduak, hazteko metodoak, garaiak, substratu motak eta loreontzi ezberdinak erakutsiko dituzte tailer honetan
Ikastaroa Udal-Pabiloian, Kale Nagusia 56, emango da, ekainaren 5ean, ostirala arratsaldeko 16:00etatik 20:00etara.
Doakoa da eta gehienez 20 pertsonetako taldea osatuko da.
Apuntatzeko Hirigintza eta Ingurumen departamentuarekin harremanetan jarri behar da 943 37 61 89 telefonora deituta edo ingurumena@lasarte-oria.org helbide elektronikora mezua bidaliaz. Izen-Abizenak, helbidea, telefonoa eta NAN dira eman beharreko datuak.
Udalak herritarrak animatzen ditu honetan izena eman eta balkoiak eta terrazak baratzez betetzera.