Herritarren artetik onena Ivan Granado izan da gaur Zegaman, 141. postuan sailkatuta eta 5 ordu eta 10 minutuko denbora eginez. Endika Gartziak lasai hartu du lasterteketa eta 5:24 egin du. Antonio Urruzola debutariak 6:38ko kronoa egin du eta Peio Fadriquek 7:03ko tartea hartu du lasterketaz gozatzeko. Azkenik, Mikel Izagirrek ezin izadu lasterketa amaitu eta hanketako bikietako minez Santi Spiritun erretiratu da tamalez.
Bestalde, larunbatean, Endika Gartziak bi besoak jaso zituen 20 kilometroko Goizueta Trail proban eta 10 kilometroko lasterketa laburrean Beñat Los Arcos hirugarren izan zen.
Olazagoitia Rondan
Askoz esfortzu luzeagoa eginez, 101 kilometroko proba burutu zuen Javi Olazagoitia herritarrak maiatzaren 9an Rondan, Malagan.
Denera 2.800 mendi-lasterkari abiatu ziren. Horietatik mila ez ziren iritsi eta 1.800 lagunek zeharkatu zuten helmuga 24 orduko mugaren azpitik, tartean, parte-hartzaile lasarteoriatarrak.
Olazagoitiak 12 ordu eta 20 minutu behar izan zituen Rondako mendizerra inguruetan 101 kilometroko lasterketa amaitzeko eta 74. postuan iritsi zen hemugara: “Proba honen desnibel positibo metatua 2.800 metrokoa da, printzipioz ez du bereziki gogorra ematen, baina izan genituen 32 eta 37 graduko tenperaturak gehi-tzen badizkiozu… Iparraldeko kirolariok asko sufritu genuen, ez gaudelako batere ohituta halako giroarekin lehiatzera. Momentu txarrak pasa nituen, goragalearekin eta jaten nuen guztia botaz. Azkenean gorputzari buelta eman eta lasterketa amaitzealortu nuen. Oso-oso pozik nago”, adierazi zuen Javi Olazagoitia ultra-lasterkariak Andaluziako proba amaituta.
Letamendi Transcvulcanian
Kanariar Uharteetan aritu zen Iñaki Letamendi herritarra, joan den asteburuan.
Hamalau ordu eta 15 minutu behar izan zituen irletako ingurune bolkanikoan 73 kilometroko proba amaitzeko. Denera 1.500 parte-hartzaile izan ziren eta Letamendi 675. postuan sailkatu zen. Luis Alberto Hernando irabazlearengandik zazpi ordura.
Iñaki Lertamendik lasterketaren kronika egin digu: “4.400 metroko desnibel positiboa du probak. Ibilbidea bolkanikoa da gehiena, ikusgarria. Fuencaliente itsasargitik hasita 2.400 metrora igotzen da berriz itsaso aldera jeisteko. Nire kasuan gogotsu hasi nintzen, baina beroarekin larritasuna pasa nuen batez ere 40 eta 51 kilometroen artean, erretiratzea ere pasa zitzaidan burutik, baina ederki sufrituta 'El Roque de los Muchachosera' (Irlaren tokirik altuena) 2.400 metrora iritsi nintzen, ia hamar orduko igoera eginez. Horrek ondo adierazten du zenbat kosta zitzaidan igotzea... Jaitsieran gorputzari buelta emanda, 'txukun' helmugaratzea lortu nuen, 14 ordu eta 15 minutu goizeko 6:00etan hasi ginenetik. Lasterketa gogorra baino polita benetan ibilbidea. Jende asko animatzen, ura botatzen ziguten... Behar genuen burua freskatzea! Parte-hartzaileen % 30 erretiratu egin zen. 50 herrialdeko lagunak ginen, Australia, Argentina, Kolonbia, Alemania... Eta euskaldunak ere bai noski!”.