Zahar Egoitzako enpresa kudeatzailea Clecek ez du Gipuzkoako Foru Aldundiak proposatzen duen lan hitzarmena sinatu nahi eta ELA, UGT eta CCOO sindikatuen babesarekin greban dago egoitza.
Aste hauetan egoitza aurrean bildu dira langile eta egoiliarrak egoera salatzeko.
Oraingoan, herriko kaleetara atera dira bere txilibitu eta aldarrikapenekin. San Pedro elizatik atera eta eguraldiari aurre eginez, herritarrei haien egoera jakitera eman eta enpresari lan-hitzarmena sinatzeko eskatu diote langileek.
Enpresa kudeatzaileak jarrera aldatu arte, langileak greban jarraituko dute.
Aldundia bileretan
Bestalde, atzo, Gipuzkoako Aldundiak mugagabeko grebarik ez izan eta egoiliarrek kalterik jasan ez dezaten, Gizarte Politikako Foru Departamentuak proposatutako lan hitzarmena sinatzea eskatu zien adinekoen egoitzak eta eguneko zentroak kudeatzen dituzten erakundeei.
Ander Rodríguez Gizarte Politikako diputatuak ELAk deitutako mugagabeko grebarekin bere kezka agertu du. "Aldundia ahal duen guztia egiten ari da gatazka ebazteko, egoitzetako eta eguneko zentroetako erabiltzaileak babesteko eta langileen lan eskubideak bermatzeko". Honela zerbitzu hauek kudeatzen dituzten erakunde guztiekin, bakarkako bilerak egiten ari dira Aldundiaren konponbidea aurkezteko, Aldundia prest dago 11 milioi euro ekartzeko alorreko 4.800 langileen lan baldintzak hobetzeko. Zentroen ia %60k sinatu du proposamen hau.
Konponbidea sinatu nahi ez duen erakunderik bada, Aldundiak hainbat neurri hartuko dituela ere jakitera eman du. Lan hitzarmena sinatzen ez duten erakundeentzat ez ditu tarifa berriak onartuko. Aldundiak kendu egingo du, Lurraldeko egoitzen eta eguneko zentroen kudeatzaileei ematen dien hileko tarifatik, greban zehar langileei ordaintzen ez dieten soldataren zatia. Era berean, Aldundiak greban dauden zentroak ez diren egoitzetan aldi baterako egonaldiak eskainiko dizkie halakorik eskatzen duten egoiliarrei.