EAJ-PNVk kirol instalazioa berriak eta ibai-ertza berreskuratzearen alde

Txintxarri Aldizkaria 2015ko mai. 20a, 18:41

Kanpainaren azken egun hauetan alderdiek jarraitzen dute euren programa zabaltzen. EAJk gaur egindako agerraldian programako bi ardatz nagusiak azaldu nahi izan ditu.

Estitxu Alkorta alkategaiak Jon Antxordoki eta Boris Nogalesekin Michelingo Atletismoko pistetan azaldu du euren asmoa. “Kirolak gure programaren zati handi bat hartu behar zuela erabaki genuen. Etorkizuneko Lasarte-Oria irudikatzen dugunean, gizarte kohesionatu bat, elebiduna eta baloreetan hezitako pertsonez osatutako herri bat ikusten baitugu. Eta hori kirolaren sustapenaren eskutik ikusten dugu”.

Michelingo atletismo pistetan kiroldegi berria eraikitzea proposatzen du EAJk. Lur eremua udalarena izanik, “ez dago hirigintza aldetik arazorik” azaldu dute. Atsobakarreko eremuan atletismoko pistak izango lituzkeen bigarren futbol eta errugbi zelaia ere egitea proposatzen dute jeltzaleek.

Bi proiektuentzako aurrekontua eta finantzabidea azaldu dute, kiroldegi berriak 12 milioi euroko aurrekontua beharko luke eta diru hau eskuratzeko, “udalak Loidi Barrenen dituen partzelak, egungo kiroldegia barne, salmenta publikoan atera eta ordainean kiroldegi berria eraiki beharko luke lehiaketa irabaziko lukeen enpresak”. Bestalde bigarren futbol zelaia egiteko, 1,5 milioi euroko aurrekontua beharko litzateke “hori udalak duen diru-gerakinarekin finantzatuko litzateke”. Atsobakarreko eremuaren erabilera ekipamendurako dago aurreikusita baina Usurbilgo udalarekin lotu beharko litzateke Usurbilgo lurrak direlako.

Horretaz gain, EAJ-PNVk Oria ibai-ertza berreskuratzeko proposamena egiten du, ibai-ertza parke moduan irudikatuz. Alkortaren hitzetan “kolektore berriak ibaiaren garbiketa eta ekosistemaren errekuperazioa ahalbidetuko du eta gisa horretan Oriaren bazterrak paseorako eta aisialdirako prestatzea, aisi eta ur-kiroletako guneekin, proposatzen dugu”.