Isla Plazan elkartu ziren atzo Podemos-Ahal Duguko herriko ordezkariak. Aterki azpian, entzun zituzten zerrendako kide batzuen hitzak. Lehena hitza hartzen Miguel Angel de La Calle izan zen honek Miguel Hernandezen poema batzuk ekarri zituen gogora. "Urteetan ohitu gara esaten zigutena egitera, itsu-itsuan sinistea gure agintarietan eta orain, krisiak eraginda, gelditu, pentsatu eta konturatu gara manipulatuta egon garela denbora luzez. Garaia da herritarrok ahotsa altxa dezagun eta gure erakundeen kudeaketan zer esana izan dezagun" esan zuen.
Elena Murillok hartu zuen hitza ondoren, Podemosekin bat egiteko arrazoaiak azalduz. "Ez naiz politika eta ez dut izan nahi, Lasarte-Oriako herritar soil bat naiz baina gure herrian gertatu diren injustiziekin behingoz amaitu nahi duena. Ez al zaudete nekatuta herrian dauden arazoen aurrean ezer ez dela egiten ikustean?".
“Aldaketarako aukera bakarra” igandean Podemos-Ahal Dugu bozkatzea dela esan zieten bertan bildutako herritarrei. Zehazki, “betiko alderdien promesa hutsalez nekatuta dauden herritarrei” dei egin zien Ahal Duguren alde egiteko “inpotentziari aurre egiteko garaia da”.
Arkaitz Nayak bereziki azpimarratu zuen herrian enplegua sortzeko beharra. “Gure herrian dagoen langabezia tasa altuari aurre egiteko, enplegu plan eraginkor bat egitea proposatzen dugu”. Horretaz gain, kirolaren esparruan ere bultzada behar dela nabarmendu zuen Nayak eta herriko kaleen mantenu eta azpiegituratan inbertsioa egin behar dela.