Idoia Cuesta Saskigilea: “Saskigintzak aplikazio pila ditu”

maider-azurmendi 2015eko maiatzaren 10a

Lugoko herri txiki batean bizi da Idoia Cuesta herritarra. Biologia ikasketak egitera joan zen Galiziara eta bertan geratu zen saskigintza tradizionala eraldatzen. Fibra natural ezberdinak saskigintzaren teknikekin uztartuz pieza berritzaileak egiten ditu. Loewe markarentzat egin du lan eta martxoan estatu mailan artisautza alorrean ematen den sari gorena eskuratu zuen. Ahal duenean gerturatzen da herrira eta Errenteriako azoka baliatuz berarekin hitz egiteko aukera izan dugu.

Idoia Cuestak saskigintza tradizionalari ikuspegi berritzailea eman dio eta horregatik izan da saritua. 

Diseinua funtsezkoa dela uste du baita elkarlana ere. Artisautzako sari nazionala eman dizute berriki. Zer suposatzen du sari honek?

Harro egoteko aitortza da. Sari hau jasotzea ez da bakarrik nire lanari aitortza izan, saskigintzari dagokiona baizik. 15 urte hauetako ikerketa eta lanari saria ere izan da. Oroigarriaz gain, 3.000 euroko saria da. Baina benetan balio duena egindako lanari aitortza da. Galizian batez ere, hedabide askok eman diote oihartzuna sariari eta ezagutzera eman du nire lana esparru ezberdinetan. Oso pozik nago.

Saskigintza esparru ezberdinetara zabaltzen ari zara. Loewe-rentzat bilduma bat osatu duzu. 

Bai bi udaratan saldu dira elkarrekin egindako poltsa bildumak. Loewek saskigintza teknikak aplikatu nahi zituen poltsa batzuetan eta horrela jarri ziren nirekin harremanetan. Zuzenean lan egin nuen markaren diseinatzaileekin eta ondoren, produkzioa nire esku egon zen. Laguntza eskatu behar izan nuen, eta hala ere, lan izugarria izan zen hilabete gutxitan egiteko. Erronka bat izan zen baina oso esperientzia ona.

Gainera, produkzio txikia edo esklusiboa izan zen eta berehala dena saldu zuten. Berriz nirekin kontatu nahi izan dute eta elkarrekin lanean jarraitzen dugu. Orain hiru serie egin nahi dituzte oso txikiak eta artisau ezberdinekin. Saskigintzaren teknikarekin bol batzuk nahi dituzte egin. Esan daiteke gauza oso esklusibo eta bereziak egin nahi dituztela. Batez ere teknika berriak bilatzen dituzte. 

Eskaintza jasotzerakoan, sustoa izan zen baina euren funtzionamendua ezagutzen duzun neurrian erosoago sentitzen zara. 

Bestalde, balio izan dit jakiteko non dauden nire limiteak eta jakiteko gai naizen edo ez egitasmo hauei aurre egiteko. 

Artisautza esparru askotara zabaldu daiteke orduan…

Bai, halako elkarlanak oso positiboak dira, niretzako artisautzak bat egin dezake modaren munduarekin, luxuzko markekin… Saskigintza ez da bakarrik saskiak egitea, aplikazio pila ditu. Teknika ezagututa, arkitekturan, moda diseinuan, etxe barruko diseinuetan aplika daiteke oso emaitza onekin. 

Garrantzitsua da hau presente izatea, izan ere, badirudi saskigintza tradizionala galdu egin dela, saskien erabilera murriztearekin batera eta ez da horrela. Saskigintzaren teknika orain, inoiz baino gehiago, pentsaezinak diren esparruetara eraman eta aplikatu daiteke, gauza benetan berezi eta ikusgarriak sortuz.

Nik aurkezten ditudan bildumetan ere, materialekin jokatzen dut, diseinuekin… 

Errenteriako artisautza azokan egon zara… 

Bai esparru ezberdinetan mugitu beharra dago. Kasu honetan gonbidapena luzatu zidaten eta Euskal Herrira etortzeko aukera baliatu dut. Honetan parte hartzen hasi nintzenetik, kalitatean nabaritu dut garapena. 

Gizartean artisautzaren inguruko ezagutza sustatu behar da. Artisauen lanari garrantzia eta balioa emanaz. 

Artisautza ez da nahikoa baloratzen?

Orokorrean, ez dago artisautzaren kultura. Jendeak ez du baloratzen artisau lan askok duten aurrelana eta prezioan hori dagoela islatuta. 

Salmentak jaitsi dira azken urteetan?

Krisia nabaritu da. Azoka zein feria profesionaletan antzeman da beherakada. Niretzako bi esparru ezberdin dira kaleko azokak eta azoka profesionalak.  Feria hauetara bakoitzak dituen bildumen katalogoa eta pieza batzuk eramaten dira. Horietara dendak etortzen zaizkizu eta eskaeren gainean egiten da lan. Paris eta Madrilera joan ohi naiz. Feria hauek ere jaitsi dira. Lehen eskaera pila batekin bueltatzen zinen etxera eta orain berriz, kontaktu askorekin. Komertzial lan asko egin behar da gero. 

Azokaz gain beste salmenta biderik baduzu?

Gure inguruko dendetan ere lan egiten dugu artisauok. Ni neu Galizian, hiriburu bakoi-tzean denda bat lotuta dut nire lanak bertan sal daitezen. 

Bestalde, Xuntak laguntza lerro bat bideratu digu artisauoi, online salmenta webgunetan txertatzeko baita bidalketak egiteko packagin guztia diseinatu eta egiteko.

Egun sare sozialak ere funtsezkoak bihurtu dira. Artisauok hauek egoki erabiltzen ikasi behar dugu. Errenterian nengoela jarri eta hainbat pertsona etorri dira nire lana bertatik bertara ezagutzera. 

Dena kudeatzea ez dirudi lan erraza…

Artisaua batzuetan oso bakarrik dago tailerrean. Iruditzen zait taldean egin behar dela lan. Aurten bi neska egon dira nirekin praktiketan. Diseinu eskolako ikasleak ziren, interiorismo alorrekoak. Bi aldeentzat oso aberasgarria izan da.

Diseinuari ematen diozu garrantzia asko?

Artisau bezala diseinuak bere plusa duela uste dut. Kolaborazio on batetik proiektu zoragarriak ateratzen dira. Azkenean guk ez dugu diseinuan formaziorik eta zaila da zerbait oso berritzailea bururatzea. Diseinadoreek formazioa dute eta horri bakarrik dedikatzen diote denbora eta ez piezaren produkzioari, salmentari, fakturazioari…

Saskigintza ikastaroak ere ematen dituzu?

Bai formazioa ematen dut. Ikastaro errazagoak ematen ditut emakume elkartetan, eskoletan… Bestelakoak dira workshop profesionalak. Beste artisauei saskigintza teknikak azaltzea dizkiet. 

Erakundeen aldetik sustatu egiten da artisauen lana?

Galizian Xuntatik asko sustatu da artisautza, hemen ez bezala. Galiziako Artisau eta diseinu fundazioa dugu. Urtero gobernuak laguntza lerroak ematen dizkio fundazioari artisautzan inbertitzeko eta horrela aurrera pauso garrantzitsuak eman ahal izan dira. Artisautzari bisibilidadea eman zaio, Galiziako artisautzaren marka sortu da, internalizazioan lagundu zaigu…

Elkarlanaren defendatzaile sutsua zara…

Bai, ezin dugu betiko gauzak egiten jarraitu. Artisautzak bizirik iraun behar badu, berrikuntzak egitea beharrezkoa da. Saskigintza ez da bakarrik saskiak egitea, beste esparru batzuetara irits daiteke. Elkarlana eta eskura dauden baliabide guztiekin lan egitea da dagokiguna. 

Nire ikuspegia ez dute artisau guztiek. Diseinatzaileekin lan egitea gehiegi goraipatzen dudala esaten didate. Nire iritziz, egiten den horri beste balio bat eman behar zaio, diseinuak edo aplikazio berriak emanaz, eta horrela erakargarri egin egungo merkatuarentzat. 

Zein lanekin zaude? 

Hainbat lan ditut. Balentziagaren inguruko erakusketa bat dago Madrilgo Trajearen Museoan eta diseinatzaile batekin Balentziagaren tokado baten interpretazioa egin dugu. Erronka hauek dira gustatzen zaizkidanak.