Babyauto Zarautzek Alcobendas garaitu zuen

Txintxarri Aldizkaria 2015eko maiatzaren 10a

Babyauto Zarautz taldeak atzo Alcobendasen aurka Ohorezko mailako partida jokatu zuen eta Zarauzko taldea Madrilgoari gailendu zitzaion. Partidan Xavi Rekondo, Unai Urruzola, Ander Rekondo eta David Vega herritarrek jokatu zuten.

Atzo Alcobendas eta Babyauto Zarautz taldeen arteko norgehiagoka jokatu zen Alcobendaseko Las Terrazas zelaian. Zarauzko taldeak Astin jokatutako partidaren errebantxa hartu nahi zuen eta Zarauzko zaletuen pozerako ederki egin zuten Fran Puertasen mutilek 8-15 irabaziaz. Alcobendas Ohorezko Maila irabazteko faboritoa da eta orain arte ez zuen partidarik galdu.

Beroa egin arren, Babyauto Zarautz taldeko mutilak baloia obalatuaren jabe egin ziren partida hasieratik. Ederki ibili ziren erasoan, baita defentsan ere. Nahiz eta madrildarrek borrokatu, Zarauzko taldeak ez zuen amore eman eta garaipena erdietsi zuen maila handia eman dezakeela erakutsiz. 

Partida honetan Xabi Rekondo, Unai Urruzola, Ander Rekondo eta David Vega gazte lasarteoriatarrek jokatu zuten eta besteak beste, Xabi Prieto eta Imanol Galarraga hauei animoak ematen egon ziren.