2002an egin zen lehenengoz Zegama-Aizkorri mendi-maratoia, uztailaren 7an, San Fermin egunez. Orduko hartan bi herritar irten ziren, probak apenas oihartzunik zuenean. Alex Tetuan eta Joxerra Maiz izan ziren lokarriak estu lotu eta maratoiko kronoa sei orduren bueltan errenditu zuten bi herritarrak.
Duela hamahiru urteko parte-hartzaileak 'zoroak' ziren. Aurtengo bost parte-hartzaileak 'zortedunak' dira. Nola aldatzen diren gauzak kirolean urte gutxiren buruan. Denera 6000 lagunek eman zuten zozketan izena eta 250ek jaso dute dortsal preziatua. Beste 200ek sailkapeneko merituz edota babesleen bidez lortu dute parte-hartzeko eskubidea.
Herritarren asmoak
Lasarte-Oriak bost laguneko espedizioa eramango du Zegamara: Endika Gartzia, Peio Fadrique, Mikel Izagirre, Antonio Urruzola eta Ivan Granado.
Bakoitzak bere asmoak, erronka propioak ditu eta guk guztien hitzak bildu ditugu:
Izagirrek lau ditu eginak dagoeneko eta helburua “bukatzea” dela dio: “Lesioekin ibili naiz eta ez dut nahi bezala prestatu, baina hori dena ahaztuta, behin proban zaudenean... Egurra!”.
Zegama bakarra du egina Granadok, iazkoa: “Aurtengo helburua argia da, 2014ko marka hobetzea. Bost ordu eta erdiren bueltan ibili nahiko nuke, gogoz nago”.
Antonio Urruzolak lehena du, “errebotez” jaso omen du dortsala. Lagun batek sponsorren bidez dortsala lortu, lesionatu eta herritarrak gustu handiz hartu zuen lagunaren plaza: “Zozketa bidez tokatzea ia ezinezkoa da, eta pentsa, sekulako ilusioarekin nago, helburu bakarra ahal den gehien gozatzea da”.
Gezurra badirudi ere, Peio Fadriqueren lehen Zegama- Aizkorri da 2015ekoa. Nekez egongo da Euskal Herrian ezagutzen ez duen kros herrikoi, triatloi edo mendi-lasterketarik. Zegama da horietako bat, aurtengora arte: “Zegaman ikusle eta bolondres lanetan aritu izan naiz eta aurten dortsala tokatu zait. Nire asmoa Santi Spirituko kontrola pasatzea da eta handik gero lasaiago lasterketaren giroaz disfrutatzen joatea”.
Sailkapen on bat egiteko aukera gehien duena Endika Gartzia da. Asteburuan burutu du azken testa, Erlaitz-Aiako Harriak proban. Podiumera igo zen: “Duela bi urte 4:29 egin nuen Zegaman. Aurten, 25-30 km arteko lasterketetarako entrenatu dut. Ez dut hiru ordu baino gehiagoko entrenamendurik egin. Lasai atera eta ondo bukatu nahi dut”.
Ibilbidea
Ibilbideak ez du misteriorik. Zegamatik atera, Bidarteko gainera igo, Otzaurtera pixka bat behera egin... Eta gora! Aratz, Santi Spiritu, Aizkorri, Aitxuri, Urbia, Andraitz eta azken hamabi kilometroak beherantz. Denera 42,196 kilometro, 5.472 metroko desnibel positibo metatuarekin.
Eta bidezidor bazterretan, jendetza. Ez da plan txarra iganderako, goizeko 9:00etatik aurrera Zegaman da zita.
_________
Larunbatean Endika Gartziarekin izandako solasaldia igoko dugu webera, Zegama-Aizkorri lasterketa barnetik xehetuz.