Garaikoetxea eraikinean jangela

Txintxarri Aldizkaria 2015eko maiatzaren 15a

Dena ondo bidean, datorren ikasturterako martxan egon ahal izango da.

Aspaldiko eskaera zen Landaberri eskolako Garaikoetxea eraikinean jangela eraikitzearena. 

Egunero ikasleak Udalak Michelineko kirol gunean daukan eraikinera mugitu behar izan dira bazkalorduan.  Iazko uztailean, Hezkuntza sailak konpromisoa hartu zuen ikasturte honen amaieran jangela egiteko. Orduan 150 ikaslerentzako lekua izango duen jangela izango zela zehaztu zen baita egungo aparkalekuan egingo zela ere.

Hezkuntza saileko arduradunekin bilerak egin eta Boris Nogales, Lasarte-Oriako hezkuntza batzorde-buruak adierazi duenez, jangela gertu dago. Astelehenean egin zen Euskara, Kultura eta Hezkun-tza batzordean Garaikoetxea eraikinean Eusko Jaurlaritzak egin behar duen jangelaren informazioa eman zuen honek.  

Batzordean jakitera eman bezala, Gipuzkoako Delegaritzan, maiatzaren 7an izandako bileran, beste gaiekin batera, hezkuntza-delegatuari jangelaren informazioa zuzena eskatu zitzaion eta “albisteak oso baikorrak dira”.

Maiatza bukaeran jangela eraiki beharko duen enpresarekin kontratua sinatu nahi du hezkuntza sailak eta behin hau sinatzen dela, gehienez bi hilabete eta erdian, obrak bukatuta egon beharko du, “beraz, irailerako jangela martxan egon daitekeela esan genezake” aipatu du Nogalesek. 

“Gaia oso garrantzitsua izan da legealdi osoan zehar eta buru-belarri aritu gara hezkuntza delegazioarekin lanean, delegatu ohiarekin zein Gema Gonzalez de Txabarri egungo delegatuarekin eta horrekin batera, Landaberri guraso elkartearekin eta eskolako zuzendaritzako ordezkariekin”. 
Gainera, jangelaren gaiari azken urte eta erdian hezkuntzan eman zaion lehentasuna ikusita, “bileran emandako epeekin oso baikorrak gara”.