Guztira aurten Udalak 2.038.000 euro zuzenduko ditu inbertsioetara. Diru gehien, 474.000 euro, bide publikoak asfaltatzeko erabiliko du eta Sasoetako lokalen terrazen espazio librea urbanizatzeari berriz, 375.000 euro eskainiko dizkio. Zumaburuko eskolako fatxada eta teilatua konpontzera 330.000 euro bideratuko ditu udalak ostiraleko ezohiko udalbatzarrean onetsi bezala.
Bozketa udalbatzarrean
Onartua izan aurretik ordea, 2015 urteko aurrekontu proiektu orokorraren onespenari bi osoko emendakin aurkeztu zitzaizkion. Bata PP alderdiak eta bestea PSE-EEk proposatutakoa. Biak bota zituen atzera ezohiko udalbatzarrak Bildu, EAJ eta LOHP eta Zubiren bozkekin.
“Zazpi hilabeteko atzerapenarekin aurkeztu dituzue aurrekontuak. Inon ez da halakorik gertatzen, legealdia amaitzear dagoela ezin dira aurrekontuak onartu; hori, mamian sartu gabe. Horregatik aurkeztu diogu osoko emandakina proiektuari”, salatu zuen Vanessa Velez PPko zinegotziak.
“Berriro ikusten da Bilduren udal gobernuak ez duela Lasarte-Oriarentzat inolako planifikaziorik. Hauteskundeak izan baino bederatzi egun lehenago aurrekontuak bozkatzen ari gara, korrika eta presaka, alkatetza aldaketa gerta daitekeen bitartean. Horregatik aurkezten diogu osoko zuzenketa, horregatik eskatzen dugu testua bueltan itzultzea, gobernu berriak erredaktatu dezan”, adierazi zuen Jesus Zaballos PSEko oposizio buruak.
Behin bi osoko emendakinak atzera botata, udal gobernuak aurkeztutako aurrekontu proiektu orokorra bozkatzeko unea iritsi zen. Eta honek bai, udalbatzarraren babesa jaso zuen Bildu, EAJ, LOHP eta Marisa Zubiri adskribatu gabeko zinegotziaren aldeko bozkekin. Kontra, esan bezala, PSE eta PP agertu ziren.
Erreakzioak
EAJren izenean Estitxu Alkortak adierazi zuen “arduratsu” jokatzeko saiakera egin dutela, eta “urtez urte” aurrekontuak babestu dituztela, “herritarren interesak” ardatz: “Egia da, inoizko aurrekontu berantiarrenak izan dira lehenengoz alkatetza bidez bideratu baitira eta hori ez zaigu ongi iruditzen, baina azkenean akordioak bilatzea lortu dugu baldintza batzuk jarrita. Aurrekontuak legezkoak izatea estabilitatearen legea betez, gastu korrontea murriztea edota Sasoetako etxabeentzat, enplegu sustapenarentzat, asfaltatzeentzat eta Mercero aretoarentzat partida batzuk bideratzea, besteak beste. Bai orain eta bai legeadi guztietan herritarrentzat onena dena defendatu dugu”.
Jesus Zaballosek PSEren jarrera azaldu zuen: “Kontrako bozka eman dugu egin duzuena politikoki ez zaigulako etikoa iruditzen. Ezin da azken unean horrela ibili. Gainera, langabezia tasari aurre egiteko partidak %46 eta %24 bitartean jaitsi dituzue. Komertzioaren aldeko laguntzak, urbanismoa, kaleak asfaltatzea… Denbora luzez sozialistok egiten ari ginen eskariak ziren. Eta orain, zuen programan sartu dituzue. Demagogia gutxiago”, aurpegiratu dio Bilduri.
Bide beretik, PPren izenean Velezek salatu zuen “hiru ateko” negoziaketa izan dela EAJ, Bildu eta LOHPak egin dutena, “gainontzeko alderdiak baztertu egin gaituzue”.
Azkenik, Gorka Lizarraga zinegotziak hartu zuen hitza Bilduren izenean. Lasarteoriatarrak “zorionekoak” direla esan zuen udalean 21.700.000 euroko aurrekontua onartu delako: “Ez dira garai errazak izan, gogoratu behar da gobernuan gaudenok ez gaudela gehiengoan, adostasunak bilatu behar izan ditugula, jakina, adostasunak nahi izan dituztenekin. Herritarren interesak alderdien gainetik jarri ditugu urtero herritarren hobebeharrez. Zailtasunak izan ditugu programa guztia bere horretan sartzeko. Krisi egoera bizitzen ari gara eta hala ere, udalak aurreko legegintzaldian sortu zuen zorrari buelta ematea lortu dugu. Hainbat proiektu martxan jarri ditugu eta gainera inbertsioak egiteko aukera izango da aurrerantzean ere, zorionak ematea besterik ez da geratzen”.
Alkatearen balorazioa
Plenoa amaituta, Barrio alkateak berak prentsa bildu zuen 2015eko aurrekontuen balorazioa egiteko: “Legegintzaldian lau aurrekontu onartu ditugu eta gobernu egonkor bat lortu dugu gutxiengoan, frogatutzat utziz negoziatzeko gure ahalmena alderdi politiko guztiekin, salbuespenik gabe, akordio puntualak lortuz”.
Gizarte Zerbitzuetan inbertituz, aurreko gobernuak utzitako zorra kitatzen eta datorren korporazioari 500.000 euro utziz "lan arduratsua" egin dutela uste du Udal gobernuak: “Lan serioa, harrokeria handirik gabekoa, gure udalerrian bizi dugun egoerarekin akorde dagoena eta hobekuntza nabarmena eginez duela lau urte aurkitu genuen Udalaren egoerarekin alderatuta”, azpimarratu zuen Barriok.
Aipagarria da udalaren aurrekontuak behera egin duela nabarmen. 2008an 41 milioi euroko aurrekontua izan zen, iaz 25 milioi eurokoa eta aurten ia 22 milioi eurokoa. Barrioren hitzetan, “krisi egoeragatik diru-sarrera gutxiago izateak eta herriko orubeetan etxebizitza gutxiago eraiki eta saltzeak” eragin du egoera hau.
Oposizio buruaren balorazioa
Jesus Zaballos PSEko bozeramaileak ohar bidez jakinarazi zuen onartu diren aurrekontuek ez dutela Lasarte-Oria krisitik ateratzen lagunduko: “Enplegua sortzeko politiketarako %24,3 gutxiago inbertitu du Udalak, dugun langabezia tasa altua izanda onartezina da hori, Euskadiko altuenetarikoa daukagu”.
PSE-EEren ustez Bildu, EAJ eta LOHP alderdiek onartu dituzten aurrekontuekin herriak ez du aurrera egingo: “aurrekontu hauek oportunistak eta inolako anbiziorik gabeak dira”.