Endika Gartzia: "Andraitz da Zegama-Aizkorriko puntu kritikoa"

jon-altuna-egitegi 2015eko maiatzaren 15a

Endika Gartzia lasartoeoriatarrak bigarren Zegama-Aizkorri maratoia egingo du igandean. Iaz pubalgia batek ukatu zion parte-hartzea, baina duela bi urte 4:29ko denbora puska egiteko gai izan zen. Aurtengo ediziorako ze gorputzalditan dagoen galdetu diogu, eta Zegama-Aizkorri mendi-maratoia xehetzen saiatu gara, barnetik. Azken orduko berria da Kilian Jornet zazpi aldiz proba irabazi duen lasterkari kataluniarra irteera-lerroan izango dela, printzipioz parte-hartzekoa ez bazen ere.

Ze asmo aurtengo Zegama-Aizkorrirako Endika? Sasoi puntu onean zaude Erlaitz-Aiako Harriak lasterketan asteburuan podiuma zapalduta…

Entrenamendu justuarekin noa, hiru ordu baino gehiagoko saiorik ez dut egin. Zegaman hiru ordurekin… Urbian zaude eta hortik aurrera sufritzea tokatuko da. Ez dakit, aurten lasaiago hartuko dut, erritmo lasai batean irten eta ondo bukatzen saiatuko naiz. 2015eko nire helburua 25-30 kilometroko lasterketak dira, hortik gora arazoak izango ditut aurten.

Baina ‘Zegama is zegama’, ezin muzin egin.

Horixe.

Iaz ezin izan zenuen parte-hartu. Arantza atera nahiko duzu, noski.

Pubalgia batengatik apirilean erabaki nuen ez atreatzea. Egun bat entrenatzen nuen eta hiru geldirik egoten nintzen. Hogei kilometroko saioak oker-oker eginda bukatzen nituen, gelditzea onena.

Dena den, 2013an, zure lehenengo Zegaman 4:29ko denbora egin zenuen. Oso marka ona da.

Base edo oinarri oso onarekin joan nintzen eta asko sufrituta, baina 4:30eko langa jaistea lortu nuen bai.

Aurten, esan duzunez, halako konturik ez.

Zegamaz gozatzea da helburua. Anbientea bizi nahi dut, jendea ikusi, haien beroa sentitu… Duela bi urte ez nintzen konturatzen nork egiten zidan kaso. Ikusiko dugu aurten zer gertatzen den.

Presiorik gabe joatea batzuetan ona da.

Agian bai, ikusiko dugu.

Nolako lasterketa aurreikusten duzu?

Eguraldiak kezkatu samar nauka. 1500 metrora 3 gradu ematen ari dira. Nik lurra lehor nahi dut, bustia gaizki, ez zait gustatzen eta kresterioan irristaka ibiltzea arriskutsua da… Tentsio askoko momentuak bizitzen dira eta Andraitzen estres guztia azaleratzen zaizu, 30. kilometro inguruan.

Andraitz al da Zegama Aizkorriko puntu kritikoa?

Baietz esango nuke. Santi Spiritun ikusten badut ez noala ondo eta eguraldia hola-hola baldin badago hantxe geratuko naiz. Urbiara joanda, ez dago itzultzeko modurik. Santin Spiritun beti jaitsiko zaitu norbaitek… Bestela karrera nola-hala bukatu beharra dago.

Azken hamar-hamabi kilometroak aldapa behera izanagatik, gogorrak egiten direla…

Andraitzetik beherako zatia aldapa behera da, bai, baina korrika egin beharrekoa. Tranpa batzuk ere badaude, 200 metroako aldapatxoak, psikologikoki eta muskularki min egiten dutenak. Sekretua Aizkorri ondo pasatzea da, karrera hor galdu daiteke gehiegi emateagatik eta beti zerbaitekin iristea komeni da, korrika egiteko indarrarerkin. Kalbario bihur daiteke bestela azken zatia. Ez ahaztu, 42 kilometroko proba da, maratoi bat, 5.400 metroko desnibel positibo metatuarekin.

Zegaman zein ikusten duzu faborito?

(Elkarrizketa egitean Kilian Jornet ez zen parte-hartzekoa) Luis Alberto Hernando Transvulcanian irabaztetik dator, ea errekuperatzen den. Marco De Gasperi iaz podiuma zapaldu zuen gizona da... Euskaldunen artetik Aritz Egea dago indartsu, Hassan Ait Malek mutil gogorra da, aldapa behera asko errekuperatuko du. Jokin Lizeaga ez da arituko eta Iban Letamendi agian… Hamabost bat fuerte ibiliko dira.

Nesketan Maite Maiora, Elisa Desco italiarra, Oihana Kortazar… Betiko izenak, polita egongo da lehia.

Zergatik gustatzen zaizue Zegama hainbeste? Kanpotarrak ere liluratuta uzten ditu lasterketa honek.

Ibilbidea oso da polita, eguraldi onarekin batez ere. Edozein puntutan jendea bilatzen duzu, Otzaurten, Aratzera bidean basoan, Aratz gainean, Sancti Spiritukoa sobrada bat da, Aizkorri zer esanik ez, Urbian beti dago norbait, Andraitzen ere bai… Mundua dago egun horretan Aizkorrin.

Oilo ipurdia jartzen duten momentuak, ezta?

Zure izena mila lekutatik entzuten duzu, aurrera jarraitzeko sekulako indarra ematen dizu, behar dena baino azkarrago igotzen zara batzuetan… Eta gero komeriak. Munduko karreraik onena izatea zalegoak eragiten du. Euskal Herrian daukagun zona menditsu eleganteena da. Kanpoan badaude Sierra Zinal, Matterhorn, Cervino, Limone trail… Sekulako parajeak daude Munduko Kopan ere. Baina Aizkorri ere oso ederra da.

Gainontzean, gustura osatzen ari zaren denboraldiarekin?

Ez daukat helburu konkretu bat. Ez daukat denbora askorik entrenatzeko… Beraz, sasoi puntu on bat lortu eta horri eusten saiatuko naiz datozen bi hilabeteetan, maratoi erdiak eginez etab. Proba luzeak egiteko gehiago entrenatu beharra dago eta forman zaudenean beti disfrutatzen da gehiago.

Zegama eta gero karrera motz pare bat egingo ditut, Amurrion Kopako bigarren lasterketa, Flyschena Zumaian, Ozako basoan lasterketa polita bat ere badago Piriniotan… Eta uztaileko azken asteburuan Andorrako mendi duatloi batean parte-hartzeko asmoa dut, 2.000 metrotik gora egiten den proban. Udarako opor aurreko denboraldia hor amaituko dugu.

Aurten Kanarietako konturik ez, beraz

Hori opari bat izan zen. Bidarraiko Maratoia irabazteagatik, sari gisa, Argentinara gonbidatu ninduten maratoi bat egitera, baina ezin nuenez… Kanarietara joan nintzen mendi maratoi bat egitera.

Teledeporten ere agertu zinen erreportaje batean.

Bitxia izan zen, bai, bigarren egin nuen.

Zorte on eta animo, minik hartu gabe ibili Zegaman.

Xirimiriak eta euriak beldurtzen nau… Arroka irristakor badago, eta ziurrenik hala egongo da... Beraz erne. Duela bi asteburu joan nintzen Aizkorrira eta goian haizea eta euria ari zuen... Ezinezko jartzen da halakoetan, kresterioan kontuz ibili beharko dugu. Askotan bastoiekin ere ez dakizu zer egin, jaso ez jaso… Duela bi aste buelta hartu eta etxera joan nintzen. Hori da txarrena. Ea eguraldi ona dugun, lehorra behintzat!