Kirola beste ikuspuntu batetik

Iñigo Gonzalez Sarobe 2016ko urtarrilaren 22a

"Kirola egitea ez didate debekatu, edozein diziplinatan aritu naiteke, beti ere bihotzeko pultsazioak kontrolatuz eta muga ez gaindituz". Endika Gartziaren hitzak dira. Elitean konpetitzeari uztearen arrazoiaz, kirolariek frogak egiteak duen garrantziaz eta etorkizuneko asmoez mintzatu da, luze eta zabal.

2007an jakin zuen herriko kirolariak bihotzeko aorta arterian dilatazio bat zeukala. Donostiako Bihotz klinikara joan zen ekografia bat egitera, entrenamendu baten ostean takikardia moduko bat eduki zuelako. Orduko horretan ez zioten debekatu konpetitzea eta kirola egitea, eta topera ibili da Gartzia azken urteotan: Triatloiak, mendi-lasterketak, duatloiak, eta abar.

Pasa den urtean berriro ere ekografia bat egitea erabaki zuen, azkena egin zuenetik pasa zirelako zenbait urte. Orduko horretan, kardiologoak esan zion dilatazioa 5 milimetro hazi zela, baina hark ere ez zion konpetitzea debekatu.

"Abendu erdialdean esfortzu-probak burutu nituen Orioko BPX zentroan. Informea osatzeko, ekografia eta odol-analisia eman nizkion medikuari. Hark, txosten horiek ikustean, kirolean espezializatutako kardiologo bati bidali zizkion. Hurrengo egunean deitu zion bueltan, esanez ezin nuela jarraitu goi-mailan konpetitzen", azaltzen du.

Pasa den astean kirol kardiologo horrengana joan zen Gartzia, proba osagarriak egitera. Ostean, behin betiko diagnostikoa jaso zuen: "Esperantza txiki bat bageneraman Orioko medikuak eta biok, baina argi daukat ez naizela hasiko orain bigarren iritzi baten bila, nik entzun gura nukeenaren bila. Zenbait jende obsesionatuta bizi da kirolarekin, 'honek hau esan dit baina ez nazi fidatzen, beste batengana joko dut...', nik ez dut horrela pentsatzen. Onartu, eta kitto".

"Kardiologoak ekuazio baten bitartez kalkulatu zuen zenbat taupadataraino jarri dezakedan bihotza", zehazten du herritarrak. "Aurkitu didatena azaltzeko, globo bat puztearen adibidea jarri ohi dut. Globora airea sartzen doan heinean, puzten doa eta plastikoa gero eta finago bihurtzen da. Bada, aorta arterian gauza bera gertatzen da, dilatatuz gero pareta meheagoa egiten da eta, bihotza topera jarri eta mantenduz gero, pareta zartatzeko arriskua dago. Urgentziaz egin beharko lidakete ebakuntza". 

Hemendik aurrera kontrol errutinarioak egin beharko ditu Gartziak; ekografia bat sei hilabetero. Horrez gain, proba osagarri gehiago ere egingo ditu, erresonantzia eta proba genetikoak, hain justu. Horien bitartez arazoaren jatorriari buruzko datu gehiago lortuko dituzte. "Gero eta informazio gehiago eduki, hobe; prest nago ahal dudanean laguntzeko". 

Beste ikuspuntu bat

Gartziak garbi uzten du kirola egiten jarrai dezakeela: "Diziplina guztiak landu ditzaket: eskalatu, mendian lasterka aritu, igerian egin... Kontua da kontrolatu egin behar dudala erritmoa, pultsometro baten laguntzaz".

"Egunero zerbait" egin gura du kirolariak, errutina eta forma ez galtzeko. "Bat-batean kirola egiteari uzten badiot, pisua irabaziko dut, jatea asko gustatzen baitzait! Era berean, kolesterola eta gainontzeko baloreak ere alteratu egingo lirateke; okerragoa litzateke hori, bihotzean aurkitu didatena baino", azpimarratzen du. 

Urteotan zehar elitean konpetitzen aritu da Gartzia, helburu jakin batekin: ahalik eta maila konpetitibo altuena lortzea. Orain, aro hori itxi eta berri bat irekitzear da. "Denboraldian zehar albo batean utzi behar izaten nituen hainbat plan eta kirol. Mendi-lasterketetan konpetitzean esaterako, gaizki entrenatzen nuen hurrengo astean edota beste hainbat jarduera ezin nituen egin, agujetengatik. Orain, esaterako, lagunekin eskiatzera joan ahalko naiz edo, bakarka entrenatu beharrean, taldean ibili".

Prebentzioaren garrantzia

"Gero eta jende gehiagok prestatzen ditu distantzia luzeko lasterketak, triatloiak eta antzekoak. Esfortzu-proba egitearekin konformatzen dira asko, baina norberak eduki ditzakeen zenbait arazo ez ditu islatzen, bihotzekoak edo beste hainbat. Ekografiak eta beste proba osagarri batzuk egitearen garrantzia azpimarratu nahi dut, eta burutzea gomendatu, gaztetxo eta hasiberriei batez ere", adierazten du Gartziak. "Ezer ez baldin badaukazu, lasai asko jarrai dezakezu topera hainbat urtez eta, baldin badaukazu, sustoak eta arazo larriagoak saihesteko baliagarria da".

Herritarrak dioenez, 100-150 bat euro balio ditu ekografia bat egiteak. "Ez da merkea, argi dago hori, baina hainbat kirolarik lehenago ere diru dexente gastatzen dute materiala erosten, eta probak egitea garrantzitsua da. Bihotzak behin huts eginez gero, ez dago bueltarik. Ez da belaun bat bezala, adibidez; hori operatu dezakezu eta zenbait hilabeteren ostean berriro jardunean zaude". 

Diziplina guztietan da "beharrezkoa" gisa horretako azterketak egitea, herritarraren aburuz: atletismoan, futbolean, errugbian... Dena den, onartzen du baita ere klub askok seguru asko ezingo dietela egin aurre proben gastuei: "Ez dakit zehazki herriko taldeen egoera nolakoa den, baina dirua gaizki banatua egon ohi da; beharbada baten batek gehiago jasoko du eta egin dezake ahalegin bat baina, beste batzuek, ziurrenik, ez".

Kirolarekiko zaletasuna eta probak egitearen kontzientzia ez da hazten erritmo berean, Gartziaren iritziz. "Kirolariak oraindik ez daude oso kontzientziatuta gai horri buruz. Esfortzu-probarekin jada konformatzen dira batzuk eta, urtero egin beharrean bi urtean behin egiterik badute, hobe".

Horren harira, eztabaida sortu du kirol ekitaldien antolatzaileek exijitu beharreko berme medikuen gaiak. "Azken finean, lasterka egiteko izena norberak ematen du, suposatzen delako ongi eta prest dagoela. Inskripzioaz gain ekografia bat eskatzen hasiko balira adibidez, parte-hartzaile kopurua ez litzateke berbera izango, ziur", dio Gartziak. "Zerbait gertatzeko probabilitatea beti egongo da hor; nik Zubietako Mendi Duatloia antolatzen dut eta 115 kirolari aritu ohi dira. Probabilitatea 115etik 1ekoa da; Behobian, 30.000tik 1ekoa. Azken lasterketa horren zuzendariarekin hitz egin dut azkenaldian, eta honakoa esan izan dit: 'Lazgarriak dira lasterkarien heriotzak, zalantzarik gabe, baina beste aldeak poztu behar gaitu, askok eta askok gozatzen dutela probaz'. Gai zaila da". 

Jasotako animoak

Sare sozialak ere erabili ditu Gartziak haren egoeraren berri emateko, eta goi-mailan konpetitzeari uzten diola iragartzeko. "Txundituta" geratu dela aipatzen du, jasotako animo guztiengatik: "Jende asko interesatu da nigatik eta animo mezuak ere idatzi dizkit, baita nik apenas ezagutzen dudan hainbatek ere. Gero, haiei galdetzean ea zertaz ezagutzen nauten, esaten didate probaren batean ikusi nautela parte-hartzen, edota emaitzengatik izan dutela nire berri, gaztetxoren batek ere komentatu dit erreferente bat naizela gisa horretako probetan... Eskerrak eman nahi dizkiet denei euren mezuengatik". 

Elitean aritzeari utziko badio ere, kirola egiten jarraituko du Gartziak, baina beste ikuspuntu batetik.