'Arte-potea' eta Maria Llanosen arparen doinuek girotuta ireki zituen atzo ateak Antonio Mercero erakusketa aretoak, artea ardatz. Erakusketa berezi batekin eman zaio hasiera gune berri honi, Lasarte-Oriako hainbat artisten erakusketaren bitartez.
Lasarte-Oriako Udalak eta Artisten mahaiak antolatutako ekimen honekin, herriko artisten ahalmena erakutsi eta kultura artistikoa sustatu nahi dituzte. Horregatik artista amateur eta profesionalagoen lanak batu dituzte.
Era honetara, Mercero guneko lau eremutan banatuta herriko bederatzi artisten 50 bat lan ikusi ahal dira.
Antxota elkarteko Jose Luis Gonzalez (eskultura), Nerea Pascual (pintura), Oscar Barrera (argazkilaritza) eta Maria Llanos (musika) artistez gain, Ione Zabala (pintura), Gotzon Huegun (eskultura), Julian Toquero (pintura) eta Miguel Angel Oribe (eskultura) herritarrek jarriko dituzte haien lanak lasarteoriatarren gozagarri.
Ordutegia
Erakusketa maiatzaren 17ra arte izango da ikusgai eta egun eta ordu zehatzetan egongo da irekita: gaur eta maiatzaren 15ean 19:00etatik 21:00etara; hilaren 9, 10, 16 eta 17an goiz eta arratsalde: 12:00-14:00 eta 19:00-21:00 bitartean.
Erakusketa aretoko sarrera doakoa izango da eta Okendo atzeko Mercero plazatik sartu behar da gunera.
Antxotako kideek herritarrak gonbidatu nahi dituzte Lasarte-Oriako sortzaileen lanez gozatzera. “Denon artean erakusketa handi eta polit bat egiten saiatu gara.Gure aldetik genuen guztia jarri dugu eta nahasketa eder hau zuen gustuko izatea nahi dugu, ezohiko zerbait da, gure ustez, emaitza bikaina eman duena. Urte asko daramatzagu honetan, eta pasioa da gure sekretua”, adierazi dute Antxota artisten elkarteko kideek.
Erakusketaren helburua “herri bizia” sortzea da, arteak eskaintzen dituen “balio anitzak” aprobetxatuta: “Era berean, herriko arteari bultzada bat eman nahi diogu, kolore prisma berri bat, bai ikuspuntu intimotik barrurako zein ikuspuntu urbanotik kanporako”, adierazi dute ekimenaren bultzatzaileek.