Elkarbizitzaren aldeko jardunaldiak Lasarte-Orian

Txintxarri Aldizkaria 2016ko urtarrilaren 22a

Hurrengo astean, urtarrilaren 26 eta 28an, arratsaldeko 19:00tan, Antonio Mercero aretoan, ‘Bizikidetza berreraikitzen’ jardunaldiak antolatuko dira udal taldeek adostuta.

Asteartean Andres Krakenberger giza eskubideen aldeko aktibista izangoi da lehen gaiari buruz solasean, ‘Oroimen kolektiboa eta bateratzaile bat helburu' izenpeko hitzaldian. Ostegunean, berriz, ‘Torturaren ikerketa Euskadin. 1960-2010’ txostenari buruz mintzatuko da Paco Etxeberria Aranzadi taldeko kidea.

Jardunaldi hauek Baketik elkarteak gure herrian elkarbizitzaren alde egiten ari den lanaren ildoetako bat da. Izan ere, udal taldeekin bizikidetzaren inguruan hausnartzean ari baita elkartea, baita herritar talde batekin ere.

Elkarrizketarako gunea

Rosa Bell Ausin, Mari Karmen Ormazabal, Kike Intxausti, Jose Zato, Jexus Artetxe, Pello Sasiain, Txanpi Baztarrika, Juan Alkorta, Mercedes Martinez, Ixabel Zuaznabar, Amaia Goiaran, Josu Agirretxe eta Jesús Marcos dira herritarren taldea osatzen duten lagunak eta 2014 urteko urriaz geroztik, lanean ari dira  “horrenbeste arrazoi eta gertaeren ondorioz -iraganekoak zein egungoak- urratu den elkarbizitza berreraikitze aldera”. 

“Arrazoi politikoak zirela medio giza eskubideak urratu izana, sufrimendu iturri izugarria izan da zuzenean pairatu dutenentzat. Baina ez hori bakarrik, horretaz gain, leku askotan, Lasarten ere bai, ideia politikoak tarteko hurkoari errespetua galtzea ekarri du,” atxikitzen dute.
Azpimarratu duten modura, “bizilagun talde bat gara; gure burua, eta ez beste ezer ez inor ordezkatzeko asmoarekin”. 

Taldeak Baketiken laguntzaz ezberdinen arteko elkarrizketa ahalbidetu duen espazio bat sortu du zintzotasunetik eta zentsurarik gabe hitz egiteko, baita beste ikuspuntu batzuk ezagutu eta elkar entzuteko ere.

Erronka handia eta bide luzea dela argi dute, baina  elkarrekin lan egiteko prest agertzen dira kideak. “Gure herrian elkarbizitza aldatu eta posible egingo duen bideak jorratu nahi ditugu; inork gehiago bere ideia politikoengatik sufritu behar ez dezan”.

Herritarrei jardunaldietara hurbiltzeko gonbita egin diete, baita taldean parte hartzera ere. 
“Gure herrian bizikidetza berreraikitzea ez da soilik politikarien lana, guztiok gure ekarpena egin dezakegula sinisten dugu,” adierazi dute.