Alejandro Sáenz PPko alkategaia: “Herritarren egunerokoa hobetzea da erronka”

Txintxarri Aldizkaria 2015eko maiatzaren 8a

24 urteko lasarteoriatarra da Alderdi Popularreko alkategaia. Bere ikasketak amaituta, enpresa bat sortzekotan da lagun batzuekin. Urte bete baino gehiago darama PPko gazterian parte hartzen eta berak aitortu moduan, Juan Carlos Cano eta Borja Semper alderdikideek animatuta eman du pausoa bere hautagaitza aurkezteko. Herri biziago bat nahi duela dio eta konformismoan eroriko ez den Udaletxe bat.

Zeintzuk dira zure ustez Lasarte-Oriak momentu honetan dituen beharrak?

Lasarte-Oriak bizitza behar du, dinamismoa. Ezin dugu izan lo-herri bat, non jendea goizean lanera irten eta gauean itzultzen den. 

Asteburuetan jende asko Donostiara edota beste herri batzuetara joaten da gurean ezer gutxi dagoelako egiteko. Lanpostuak eta aisialdirako aukerak sortu behar ditugu.

Zein esparrutan eragin behar da gehien zuen ustez?

Lasarte-Orian jende asko dago kirola egiten duena, amateurrak, eskolan, kirolari federatuak... Kiroldegiaren egoera lotsagarria da, jakina da gure kiroldegira ez joateagatik Usurbilekora joaten diren herritarrak daudela. Lasarteoriatarrok ez dugu eskualdeko kiroldegi okerrenetako bat merezi. 

Bestalde, herrian atletismo talde bat dugu oso maila altuan lehiatzen ari dena, sariak jasotzen ari dira herrialde, erkidego edota maila nazionalean eta garaia bada hauek gehiago eta hobeto zaintzeko. Atletismo pista estali behar da besteak beste, txapelketak ere gure herrira ekarri ahal izateko.

Ekonomia, merkataritza sustatu eta langabezia tasari erreparatuta zein neurri proposatzen dituzue?

Ekintzailetza erraztu behar dugu herrian beharrezkoa den azpiegitura eskainiz euren proiektu edo enpresak gurean martxan jartzeko. Horretarako besteak beste, sustatu egin behar da harremana eta akordioa udala, lokal hutsen jabeak eta ekintzaileen artean.

Hirigintzari dagokionean, etxebizitza eta aparkaleku eskaintza herrian nolakoa da egun eta nolakoa beharko luke?

Lasarte-Orian aparkatzea “mision imposible” da, bai auto zein motorrentzat ere. Honen eraginez, marra horietan, pasabideen gainean, motorrentzako aparkalekuetan... autoak gaizki aparkatuta daude gure kaleetan. Honek guztiak gainera herri zikin eta desordenatu baten itxura ematen du, oinezko eta gidarien umorea ernegatzearekin batera.

Etxebizitzaren gaia txiste txar bat da. Ezin dugu onartu babes ofizialeko 96 etxe eraikitzen hasi eta ondoren, baliogabe uztea lehiaketa publikoa eraikuntza enpresarekin adostasunera heltzeko gaitasunik ez delako egon, Zabaleta Berrin gertatu den bezala.

Hasi behar da hutsak edo konpontzeko dauden 224 garajeak alokairuan jartzen. Herrian aparkaleku eta berreraikitze azterketa bat egin behar da gainazaleko aparkaleku kopurua handi-tzeko. 

Horretaz gain, aipatutako 96 etxeak eraikitzen bukatu behar dira Zabaleta Berrin.

Aparkatzen hainbeste denbora galdu behar ez izatea merezi dugu eta baita herri garbi eta ordenatu bat ere. 

Herrian dauden zerbitzu publikoei dagokienean, zer hobetu/indartu behar da?

Zerbitzu publiko guztiak hobetu eta indartu behar dira, ahal delako gainera. 

Konformismoak ez du lekurik izan behar Udaletxearen eguneroko lanean. 

Kultur etxeko eta kiroldegiko zerbitzuek ez dituzte herritarren beharrak asetzen eta hauek erretiratuen egoitzarekin batera, bultzada garrantzitsua behar dute nire ustez.

Kultura alorrean, zeintzuk lirateke lan ildoak? Euskarak zein leku dauka? Eta kirolak?

Itzulerako kultura bat sustatu behar dugu. Pertsona bezala zein diruz aberastuko gaituen kultura bat behar du herriak. 

Datorren urtean Donostia Europako kultura hiriburua izango da. Lan egin eta pentsatu beharko genuke, nola baliatu dezakegun hau gure herriarentzat aukera bat izan dadin ere. Jendea Lasarte-Oriara nola erakarri landu beharko genuke. Kulturak eta arteak arima aberasten dute baina zoritxarrez, diruz bakarrik eskura daitezke. 

Euskarak merezi duen lekua izan behar du beti ere batzeko elementu gisa ulertuta eta ez banaketa edo hausturarako. Lasarteoriatarren behar errealen arabera inbertitu beharko da hizkuntzan, kirolean eta gainontzeko kultura ataletan bezala. 

Zer iruditzen zaizu herriaren parte-hartzea erabakietan eta ekimenetan?

Parte-hartze ekimen guztiak ez dira guztiz egia edota emankorrak izan hain opakoa den udaletxean. 

Guk Udalaren gardentasunean lan eginez, herritarren parte hartzea eta ekintzak sustatuko ditugu. Udalarekin inplikatuta dauden herritarrak eta herritarrekin inplikatuta dagoen udala behar dugu. 

San Pedro jaiak deszentralizatuak izan behar dute edo Okendok izan behar du gune bakarra?

San Pedroak Lasarte-Oriako jaiak dira, auzo guztien jaiak. Okendo plaza da herriko erdigunea eta horrela izanda, ekintza kopuru handi bat jaso behar du baina gainontzeko auzoetan ere ekintza ezberdinak egin daitezke.

Aurrez lekuak eta ekintza mota guztiak aztertu beharko lirateke, ekintzak leku egokienetan egin daitezen beti ere bizilagunak molestatu gabe. Gure jaiek ez dute inor kanpoan utzi behar. 

Zeintzuk dira finkatutako lehentasunak eta erronkak?

Lehentasuna eta erronka bakarra da. Lasarteoriatarren egunerokoa hobetzea, jaio berrietatik hasi eta gure zaharretara, herria edozein sigla edo interesen gainetik kokatu behar dugu.

Alkate izatekotan zer da egingo duzun lehenengo gauza?

Lehenengo gauza izango da nire esku dagoen guztia egitea herritarren parte hartzea lortzeko, kolektibo guztiak barne hartuz, bultzada handi eta garrantzitsu bat emateko herriari, izan ere, Lasarte-Oria denok gara.

Nolako herria irudikatzen duzu lau urte barru zure zerrendak gobernatuko balu?

Herri atsegin, garden eta alai bat irudikatzen dut. 

Lasarteoriatar guztiak ordezkatzen dituen herri bat, herri anitza. Herri bat non lasarteoriatarrek proiektu pertsonalak zein profesionalak garatu ahal izango dituzten. Konformatzen ez den herri bat eta etengabe, behintzat eskualdean, erreferente bilakatzeko lan egingo duena.