Gutxienez bi metroko zabalera izango du Buenos Aires aldapako espaloiak. Izan ere, alkate Jesus Maria Zaballosek azaldu duenez, "estuegia da gaur egun" eta "jende askok errepidera jo behar du" igo ahal izateko.
Monolitora arteko errepideak bi noranzkokoa izaten jarraituko du, baina puntu horretatik aurrera igotzeko aukera besterik ez da egongo. Goiegi aldetik jaitsi beharko da etorkizunean.
Eusko Jaurlaritzako aurrekontuetarako EAJk eta PSE-EEk lortutako akordioaren ondorioa da. Lasarte-Oriari hirigintza arloan hobekuntzak egin ahal izateko milioi bat euro egokitu zaizkio.
600.000 euro inguruko kostua izango du lanak. Beste 400.000 euroak Goikale 20-22 eta Kale Nagusia 51-53 ingurura bideratuko dute. Larrialdietako zerbitzuek arazoak dituzte gune horretara iristeko, eta pasabidea moldatzeko asmoa dute irisgarritasuna hobetzeko.
Urte amaierarako lanak amaitzeko konpromisoa hartu du Udalak.
Dirua soberan geratuko balitz, Andatza plazan arrapala eta Karmengo elizaren aurreko poligonoen artean zebrabidea egingo lituzkete. "Bizilagunek eskatutako neurriak" direla nabarmendu du hirigintza zinegotzi Agustin Valdibiak.
Jesus Maria Zaballosek azpimarratu du "koherenteak" izan direla. Aurreko legealdian "eskatutako proiektuak" baitira.