Hainbat lehiaketatan aritu ziren igerian Buruntzaldea IKTko kideak joan den asteburuan: Gipuzkoako Neguko txapelketan Azpeitian, Neguko VIII. Sarian Legazpin, III. Kairoscore sarian Donostian eta igeriketa egokituko Gipuzkoako txapelketan Zarautzen. Dominak, Euskal Herriko txapelketarako gutxieneko bat eta hainbat marka pertsonal berri eskuratu zituzten bertan.
Zazpi infantil, bi junior eta hiru absolutuk hartu zuten parte Gipuzkoako Neguko txapelketan. Nahia Jie Villamediana infantilak bi brontzezko domina kolkoratu zituen, 100 bizkar eta 200 estiloak probetan. Kategoria berean aritzen den Beñat Alkortak berriz, zilarrezkoa jantzi zuen, 50 tximeletan. Horrez gain, Xabier Alonso infantilak Euskal Herriko txapelketan aritzeko gutxieneko marka eskuratu zuen, 400 libreetan. 5 minutu eta 3 segundo behar izan zituen proba burutzeko. Aipatzekoa da txapelketan parte hartutako igerilari infantilek hainbat marka pertsonal hobetzea ere lortu zutela.
Juniorrei dagokienean, Janire Berasartek 800 libreko marka hobetu zuen, 10'17''96ko denbora eginez. Unai Irigorasek ere hobetu zuen haren marka 400 librean (4'49''88), baina ez da aski izan Euskal Herriko txapelketarako sailkatzeko. Absolutuek ere maila bikaina eskaini zuten Azpeitian, eta marka pertsonal berriak hobetu zituzten hainbat distantziatan.
Neguko VIII. Saria Legazpin
Maila ederrean aritu ziren Buruntzaldea IKTko bost igerilari pasa den larunbatean, Legazpin jokatutako Neguko VIII. sarian. Jon del Riok zilarrezko eta brontzezko domina bana kolkoratu zituen, 50 librean eta 100 estiloetan hurrenez hurren. Ane Otaegi ere podiumaren hirugarren koskatxora igo zen, 100 estiloetako proban hirugarren postua eskuratu baitzuen.
Hori gutxi balitz, proba jokatzera joandako igerilariek denbora oso txukunak egin zituzten. Aipatutako biez gain Ibane Otegui, Daniel Herranz eta Maria Garasa aritu ziren Legazpiko igerilekuan. 50 libre, 100 estilo, 100 bular eta 100 libre probak burutu zituzten. Prestatzaileak gustura dira igerilariek eskainitako mailarekin.
III. Kairoscore saria
Master taldeko kideek Benta Berriko kiroldegian konpetitu zuten, III. Kairoscore sarian hain zuzen. Gogotsu aritu ziren Yolanda Pastor, Laura Igea, Joel Lopez eta Eñaut Fernandez de Lezea, banakako probetan zein erreleboetan igeri eginez, eta haiek ere denbora oso txukunak egin zituzten, baita hainbat marka pertsonal berri ezarri ere.
Indibidualki primeran aritu ziren eta baita talde gisa ere, 4x50 erreleboetan serieko lehenengo postua eskuratuz lehia estu baten ostean.
Nahia Zudaire emakumezkoen txapeldun
Azkenik, Nahia Zudairek igeriketa egokituko Gipuzkoako txapelketa jokatu zuen Zarautzen, eta primeran aritu zen. Proba denak batuta, emakumezkoen kategoriako txapelduna izan zen igerilari gaztea. 56''09ko denbora egin zuen 50 bizkar proban, 44''20koa 50 librean eta 50 tximeletan, azkenik, 52''83.
Hilabete bukaeran Valdemorora (Madril) joango da, Espainiako txapelketan parte hartzera.
Neguko Ligaren amaiera, etxean
Asteburu honetan amaituko dute Neguko Liga Buruntzaldea IKTko infantil, junior eta absolutuek. Etxean egingo dute igerian bihar, Kiroldegiko igerilekuan hain zuzen. 16:00etan hasiko da txapelketako laugarren eta azken jardunaldia.