Okendoko garajeen kasua, herriko kaleak asfaltatzearena, Kiroldegirako makinak, Manttangorri autobus zerbitzua Mugi sisteman integratzea eta Udal Erregelamendu Organikoa onartzea izan dira udal gobernuak azkenaldian hartutako erabakietako batzuk.
EH Bilduk horiek baloratu zituen atzo egindako prentsa agerraldian. “Aurreko legegintzaldian egin genuen lanak fruituak ematen jarraitzen du honetan ere. Praktikan, udal gobernu berria hori ari da balioesten orain, hala frogatzen baitu azken egun hauetan ikusitakoak, nahiz eta bere garaian aurkako jarrera agertu”, azpimarratu zuen koalizio abertzaleak.
Okendoko garajeak eta kaleen asfaltatzea
Martxan jarri da berriki Okendoko garajeak alokairuan adjudikatzeko prozedura. EH Bilduk “alokairu” hitza nabarmendu zuen agerraldian, esanez PSE-EEk horiek saltzea planteatzen zuela hasieran.
“Pribatizazio hori bertan behera uztea izan zen pasa den legealdian hartu genuen lehenengo erabakietako bat. Konstruktoreak epaitegietara jo zuen konpentsazio baten eske eta, galdu arren, prozedura asko luzatu zen. Ez genuen asmatu arrazoia herritarrei ongi azaltzen beharbada, baina pozik gaude erabakiarekin, garaje horiek herritarren ondasun izaten jarraituko dutelako", aipatu zuen EH Bilduk.
Asfaltatzeari dagokionean, koalizio abertzaleak jakinarazi zuen “lanak egiteko dirua eta pleguak prest” zeudela jada: "2015eko aurrekontuetan onartu zen, nahiz eta PSEk aurka bozkatu; prozedura administratiboa egin du soilik”. Era berean, jakinarazi zuen kiroldegiko makinak berritzeko inbertsio bat ere aurreikusi zutela, baina "horri ere kontrako bozka" eman ziola alderdi sozialistak.
Manttangorri Mugi sisteman
"Izugarri pozten gara Manttangorri zerbitzua Mugi sisteman integratzeaz, hala behar zuen eta horretarako egin genuen lan", azaldu zuen alderdiak. "Babes legalik ez zuen zerbitzu batekin egin genuen topo; zerbitzua erregularizatu genuen eta prozedura administratiboa abiatu, baita aurrekontuetan sartu ere; fruituak orain jaso ditugu, lau urteotan Plataformako zinegotziaren lanari esker".
Udal Erregelamendu Organikoari buruz ere aritu ziren. "Aldaketa ñimiño batzuekin atera da aurrera; horren erakusgarri da EAJren jarrera, gehiago landu behar zela zioen baina orain emendakin bakar bat ere ez du aurkeztu. Gu desgastatzeko egin zuten hori. PSE-EEri berriz, lotsa eragiten zion hogeitaka urtetan ez egindakoa iritsi berria zen alderdi batek egitea. Nahiz eta beste alderdi batek ekarri, baiezkoa eman diogu guk, fruitua baita garrantzizkoa eta ez uzta nork egiten duen".
Herri Batzarra astelehenean
EH Bilduk herri batzarra egingo du astelehenean Xirimiri elkartean, 19:00etan. Hauteskundeak baloratuko ditu eta etorkizunera begirakoei buruz ere hitz egingo du. Alderdiak herritarrak gonbidatzen ditu bertan parte hartzera.