Hauteskunde kanpaina hasi da gurean

Txintxarri Aldizkaria 2015eko maiatzaren 8a

EAJ, EHBildu eta PSE-EEko kideak kartelak jartzera atera ziren bart kanpainari modu ofizialean hasiera emateko. Asteburuan hainbat ekimen antolatu dituzte alderdiek, tartean mahai informatiboak, bizikleta martxa edota herritarrekin bilerak.

Alderdientzat gauerdian hasi da kanpaina modu ofizialean eta herrian ere hala izan da.

Herriko EAJ-PNV taldeak hauteskunde kanpainari hasiera eman zion modu ofizialean, ohizko kartelen "itsasketa"rekin. Alkatetzarako hautagaia den Estitxu Alkorta, Jon Antxordoki, Boris Nogales eta Goizalde Pildain hautagaiekin batera dagoeneko ohitura bilakatu den kanpaina hasierako itsasketa lanetan aritu ziren. Estitxu Alkortak ohar bidez esan du, "inoiz baino ilusio handiarekin gaude. Konplexurik gabe esan dezakegu programarik onena dugula, proposamen argi eta zehatzekin, eta orokortasunetik urrun. Espero dugu herritarrek hori baloratzea eta behar bezala bozkatzea".

Ez ziren bakarrak izan, EHBilduko kideak ere atera ziren gauerdian kartelak jartzera Twitter kontuan argiratu moduan eta PSE-EEkoak Jesus Zaballos alkategaia buru. EHBilduk gaur bertan hasiko du auzoz-auzo euren programa zabaltzeko ibilbidea. 19:00etatik aurrera Zumaburun jarriko dute mahai informatiboa. Horretaz gain, bihar bizikleta martxa bat egingo da 11:30ean Okendon hasita eta bidean bidegorrien inguruko azalpenak emango dira, Zumabururako proposamena, Donostia eta Andoainekin lotura izango dira hizpide.

Podemos-Ahal Duguk ere antzeko ekimena egingo du mahai informatiboak auzo ezberdinetara eramanaz, bihar Okendon izango dira 10:30etik aurrera. Igandean berriz, herritarrekin solasaldia izango da Jaizkibel plazan 11:30ean.