14 urterekin hasi zen Goñi harmonika jotzen, Madrilgo metro geltoki batean. Bertan ekin zion gerora luzea eta oparoa izaten ari den ibilbideari, ikasketak alde batera utzita. Malcolm Scarpa gitarristarekin osatu zuen bikotea. Orduz geroztik, hainbat egitasmotan hartu du parte harmonika joleak: Tonky Blues Band talde mitikoan, Jockers taldean (gerora banandu eta zenbait kidek 'Los Bluescavidas izenekoa osatu zuten)... Gainera, Loquillo y los trogloditas taldearen 'Motoristas' single-an parte hartu zuen harmonika joz.
Beste hainbat artistarekin batera jo izan du Goñik. Fernando Beizteguirekin batera emanaldi bat baino gehiago eskaini du, atzokoa bezala. Gaur igoko dira eszenatokira berriro ere, Elizondoko Ilargi Ostatuan, 23:00etan.