Guztion Lasarte-Oria proiektua zonalde degradatuak "artearen bidez berpizteko" martxan jarri zuen udalak udazkenean. Herritarrentzat herria atseginagoa egin eta merkatarientzat erakargarriago bihurtzea da udalaren asmoa.
Artisten mahaiak bultzatutako erakusketa honekin, herriko artisten ahalmena erakutsi eta kultura artistikoa sustatu nahi dituzte, artista amateur eta profesionalagoen lanak elkarren ondoan jarriz.
Denera 50 bat lan izango dira, lau espaziotan banatuta. Parte-hartuko duten bederatzi asrtisten artetik lau Antxotako kideak dira: Jose Luis Gonzalez (eskultura), Nerea Pascual (pintura), Oscar Barrera (argazkilaritza) eta Maria Llanos (musika). Gainontzeko artistak Ione Zabala (pintura), Gotzon Huegun (eskultura), Julian Toquero (pintura) eta Miguel Angel Oribe (eskultura) dira: "Gure helburua batera gauza anitz, handi eta polit bat egitea da mugimendu artistiko-kulturala herrian indartzeko. Jende onaren lanak ikusteko aukera dago, gonbidatuta zaudete", adierazi du Jose Luis Gonzalez Antxota elkarteko kideak.
Erakusketako ordutegia
Maiatzaren 7an inauguratuko da erakusketa, eta bide batez baita Mercero aretoa bera ere.
Ostegunean, 19:30etik aurrera ateak irekiko ditu erakusketak, luntx moduko 'arte-potea' eta Maria Llanosen arparen doinuek girotuta.
Maiatzaren 8 eta 15ean 19:00eatik 21:00etara egongo da irekita. Hilaren 9, 10, 16 eta 17an goiz eta arratsalde: 12:00-14:00 eta 19:00-21:00 bitartean. Sarrera Mercero plazatik izango du erakusketak. "Herri bizi bat nahi dugu, artearen baloreak izango dituena kolore eta prisma askorekin", diote artistek.