Herrian memoria historikoa berreskuratzeko lanean dagoen taldeak DBHko ikasleekin batera egin zuen ostegunean herrian zehar ibilbidea. Gaur arte, 1936ko altxamendu frankistaren garaiko pertsonen testigantza ugari bildu dituzte Lasarte-Orian, baina gune fisikoak berreskuratzeko lanetan ere ari dira, horietako batzuk Buruntza edota Txaldatxur mendietan daude, sastraka artean, baina beste asko eta asko herriko kaleetan bertan.
Erdigunean biltzen dira memoria historikoaren mapa osatzen duten gune garrantzitsu ugari. Villa Mirentxu, Okendo plaza, San Pedro eliza ingurura, Brigitarren Komentua eta Hipodromoko zubia bisitatu dituzte ikasleak eta gerraostean nolakoak izan ziren azaldu dute Islada Ezkutatua-eko kideek.
Ibilbidean, fusilamenduak izan zirela gogoratu, guda lekuak zein izan ziren adierazi eta bando errepublikanoko kuartelak eta militarren aginte lekuak kokatu zituzten. Besteak beste, barrikadak, sindikatu eta alderdi politikoen egoitzak, bonbardatutako etxeak eta Hipodromoko hegazkin zelaia ere aipatu zituzten.
"Ezer gutxi idatzi da gerrak Lasarte-Orian eragin zuen sufrimenduaz. Badirudi gerra ez zela hemendik igaro, eta hori ez da egia. Gure ondorengo belaunaldiei ezagutarazi nahi diegu, esaterako, kontzentrazioa zelaia izan zela Zapatarin, gerra osteko fusilatze guneak Irubiden, frontea Buruntzan eta Teresategin edota atxiloketa-guneak udaletxe zaharrean... ", adierazi zuten Islada Ezkutatuak elkarteko kideek.
Bere garaian etxe guztietara bidali zen Oroimen historikoaren mapa. Orain arte isilpean egon direnak argitara atera eta belaunaldi gazteek gurean gertatutakoez jabetzea izan da irteera honen helburua.