Ostadar Igoera Faserako sailkatu da, laugarren eginda

jon-altuna-egitegi 2015eko maiatzaren 3a

Liga erregularra amaitzeko azken jardunaldiaren faltan, Ostadar Cecilia Fruta Denda Kebab Lasarte taldeak igoerako play-offak jokatzeko txartela lortu zuen. Edu Mena entrenatzailearen mutilek denboraldiko balentria egin dute. Baina bidea ez da amaitu. Datorren denboraldian Gipuzkoako II. mailan jokatzeko egingo dute borrokan. Finalaurrekoa irabaziz gero, mailaz igoko dira.

Edu Mena da lasarteoriatarren entranatzailea. Taldeko jokalarien zerrenda osatzen dutenak, honako mutilak: Urtzi Azpiroz, Jose Leonardo Cevallos, Mikel Escribano, Iñaki Francisco, David Garcia, Angel Ibarra, Zigor Iriondo, Karlos Iturrarte, Yosu Lopez, Francisco Moreno, Roberto Perez, Iñigo Pikabea, David Piñero, Gorka Redondo, Ruben Ruiz, Diego Alexander Tovar eta Javier Vecilla.

Urtebetean, playoffera
Aldaz HK eta Usurbilgo Makax desagertzetik jaio zen Ostadar. Herrian areto-futbola indartzeko etorkizuneko proiektu sendo baten zutabeak jartzea zen asmoa, III. Nazionaleko taldearen harrobi eta zubi lanak egingo zituena.

Gauzak horrela, Edu Mena entrenatzailea buru, herriko txapelketako jokalari batzuk elkartu eta Aldaz HK eta Makax taldean zeuden jokalari batzuekin batera, taldea ateratzea erabaki zuten.
Balorazioa “ezin positiboagoa” da taldeko arduradunen hitzetan: “Herriaren inplikazioa bilatu dugu, bai ekonomikoki babesleei dagokienez eta baita herriari kirol eskaintza zabaltzeko asmoz ere”. Izan ere, azken hamarkadetan estu loturik egon da gure herria areto-futbolarekin, baina azken aldian ez dira areto-futbolaren garairik onenak Lasarte-Orian. Herriko txapelketako talde kopurua izugarri jaitsi da eta talde federatuak mantentzeak sekulako esfortzua eskatzen dio  kirol hau maite duen herritar talde honi. Dena den, ez daude etsitzeko: “Jokalarien ahalegina antolatzaileenarekin batu behar dugu, eta halako play offak jokatzeak indarra ematen digu aurrera jarraitzeko”, adierazi dute.  

Lana, eta oparia
Urte hasierako lehen helburua taldea maila honetan egonkortzea zen. Denboraldi hasiera eskasa egin zuten ordea. Lehen lau jardunalditan bi puntu baino ez zituzten eskuratu. Hurrengo zazpi jardunaldietan, zazpi garaipen. Igoera fasea jokatzeko ametsa posible zela ikusi zuten.

Bigarren itzulia gorabeherekin hasi zuten, baina han eta hemen puntuak pilatuz, azkenaurreko jardunaldian lortu zuen matematikoki igoera fasea jokatzeko txartela. “Taldean sekulako giroa dago, elkarrekiko laguntasun eta errespetu handia, horiek dira arrakastaren giltza”, azpimarratu dute Ostadarreko kideek.

Hurrengo urratsa
Liga erregularreko azken neurketa 3-4 irabazi zuten ostegunean Idiazabal Gorrotxategiren aurka. Azken sailkapenean laugarren geratuta, igoera faseko partidua etxetik kanpo jokatuko dute Alustiza Autobusak taldearen aurka, Orion. Final handia berriz, Donostiako Intxaurrondon jokatuko da printzipioz, baina horretarako finalaurrekoa irabazi beharko dute. 

Beste finalaurrekoa Muxarra eta Anoetaren artean jokatuko da.

Gauza bat da argia, igoera garaipen bakarrera dutela lasarteoriatarrek. Izan ere, finalaurrekoa irabazita, automatikoki lortuko dute datorren denboraldian Gipuzkoako II. Mailan aritzeko txartela, bi talde igotzen direlako, bi finalistak.

Gauzak horrela, emozio handiko asteburua dute aurretik Ostadarreko mutilek. Ligan gol gehien sartu duen taldea da herritarrena, eta gutxien jaso duena berriz oriotarrena. Erasoa eta defentsaren arteko lehia ikusgarria izango da ziur, igoerako txartela jokoan.