Etxetik gertu, Andoaingo Santa Kutz jaietako krosean zilarra kolkoratu zuen asteburuan. Zirkuitu lau bati eman beharreko hiru itzulietan bigarren egin zuen herritarrak Ander Sagarzazuren atzetik. 32:28ko denbora egin zuen Lasarteko atletak. Emakumezkoetan Eva Olazagoitia izan zen onena, 191. postuan. Denera 10 lasarteoriatarrek hartu zuten parte 200 lasterkariko krosean.
Goizuetako krosean bi herritar izan genituen irteera lerroan, eta biek lortu zuten lehen bosten artean sailkatzea. Bigarren Raul Gomez Margallo izan zen berriro ere. Oraingo honetan Unai Señoranen atzetik. 10 kilometroko proba 33:23ko denboran bota zuen herritarrak. Bosgarren Borja Romero izan zen eta honek 36:57ko denbora egin zuen.
Tolosako Udaberriko krosean berriz, Iraitz Pikabea herritarra 29. izan zen 5 kilometroko krosean, 17:05eko denbora osatuta. Emakumezkoetan Arantxa Zapata izan zen azkarrena 24:54rekin.
Bestalde, Gipuzkoako atletismo txapelketen lehen jardunaldia jokatu zen larunbatean Anoetako Estadio Txikian. LOKEko Idoia Olasagasti, Eneritz Busto, Maria Eugi eta Ane Galardi neskek bigarren egin zuten 4x100 proban, lehenengo aldiz 50 segunduen langa jaitsita. Gaizka Ormazabal Super Amara BAT taldeko atletak urrea lortu zuen 4x100eko errelebu proban, Irungo taldearen errekorra ezarriz. Lehenengo izan zen Iñigo Sevillano Realeko atleta ere, 110 metro hesietan. Eneritz Bustok zilarra eskuratu zuen altuera jauzian 1,58 metroko jauziarekin eta LOKEko Maider Rekondo ere bigarren izan zen pisu jaurtiketan lau kiloko bola 10.31 metrora jaurtita.
Amaitzeko, joan den asteburuan Euskadiko atletismo kluben arteko txapelketa Iñigo Sevillano eta Itoitz Rodriguezen Realak irabazi zuen, Gaizka Ormazabalen Super Amara BAT taldeari aurrea hartuta.