XII. Balioetan Hezi jardunaldiak, Danok Kideren eskutik

Txintxarri Aldizkaria 2015eko maiatzaren 5a

Hamabigarren edizioa dute Danok Kide Guraso Elkarteak antolatutako jardunaldiek. Aurten 'Balioak eta Gizartea: Oraina eta Geroa' ardatz hartuta, hiru hitzaldi antolatu dituzte Manuel Lekuona kultur etxean.

Balioen krisia "nabarmena" dela usteta, hiru hitzaldiren bidez egungo egoeraren azterketa eta irtenbide posibleak bilatzen saiatuko dira. "Gure arteko elkarbizitzak eraso handiak jasaten ditu: iruzurrak, zapalketak, giza eskubideen aurkako erasoak... Gerrak, bazterketa eta ezinegon egoera handia dago gizartean", adierazi dute.

Hori jakinda, pertsona eta gizarte bezala herritarrok daukagun "erronka" honakoa dela diote: "Denon arteko ekinean etorkizuna eraiki nahi dugu, itxaropentsu, gure gazteei eta Europa osoari begira".

Hiru hitzaldi
'Gazteen balioak Europaren etorkizunean' hitzaldia eskaini zuen atzo Javier Elzo Deustoko Unibertsitateko soziologia irakasle, dekano eta idazleak.

Ia goraino betetako kultur etxeko hitzaldi aretoan bildu ziren dozenaka herritarrek adi entzun zituzten ordubetez Elzoren hitzak hiritar gazteen balioak aztertuz eta amaieran galderak egiteko aukera izan zuten.

Bihar 'Ekonomia politiken inguruko balioen krisia' izeneko hitzaldia emango du Patxi Meabe Zientzia Politikoetako irakasleak eta ETIKARTE fundazioko artikulu egileak.

Asteazkenean berriz, 'Balioak eta gizartea Europako ingurunean' hitzaldia izango da Xabier Ibarzabal medikua, Gizarte Zientzietako irakaslea eta INGEMA institutuko kidearen eskutik.

Hitzaldi guztiak 19:30ean hasiko dira, Manuel Lekuonako kultur-etxeko hitzaldi aretoan.