Makina batek eztanda egin zuen Michelin enpresan

Txintxarri Aldizkaria 2016ko urtarrilaren 22a

Bart eztanda batek esnatu zituen Michelin enpresa ondoko bizilagunak. Egosketa-eltze batek batek eztanda egin zuen. Ez zen zauriturik izan.

Ostegunean, gauerdi aldera eztanda batek esnatu zituen Michelin enpresa ondoko bizilagunak. Larrituta, larrialdietara deitu zuten eta suhiltzaile eta ertzainak hurbildu ziren enpresara. Ordurako enpresa bertako suhiltzaile taldeak kontrolpean zuen egoera. 

Enpresako komunikazio arlotik jakinarazi digutenez, garraio handietako gurpilak egiteko mintza lantzen duen mekanizatuko makina bat izan zen lehertu zena. Zehazki, egosketa-eltzea. 

Zauriturik ez

Eztandaren momentuan tailerrean langileak zeudela jakitera eman digute. “Zorionez momentu horretan ez zegoen langilerik gertu eta ez da zauriturik izan”, azpimarratu dute. 

Kalte materialak, berriz, ugariak dira. Arestian aipatu legez, enpresa bertako larrialdi zerbitzuak aski izan ziren egoera kontrolpean izateko. Makinaren eztandaren ondorioz, esate baterako, “ur-hodi batek ere eztanda egin zuen eta ur-isuria arazorik gabe kontrolatu zuten”.

Eraginik ez

Eztandak Lasarte-Oriako enpresak ekoizten dituen beste produktuetan eraginik izan ez duela ere adierazi dute: “Ez du motorren gurpilen ekoizpenean eraginik izan”. 

Tailer honetan egindako mintzak beste Michelingo beste fabriketara edo kanpora esportatzen dituztela jakitera eman digute.

Ebaluazioa

Enpresak gertakaria aztertu behar du orain, eztandaren zergatia jakin eta berriro gerta ez dadin segurtasun neurriak hartzeko. 

Era berean, kalteak ebaluatu behar ditu, hala nola, ekoizpena epe batean geratu behar den edo ez erabakitzeko.

Azkenik, Michelin enpresak eztandak bizilagunei sortutako eragozpenak eta ondorioak sentitzen dituela adierazi digute.