Mundutik Lasarte-Oriara

Txintxarri Aldizkaria 2016ko urtarrilaren 22a

Munduko herrialde desberdinetan ibili dira gazte lasarteoriatarrak azken urtean. Helburu ezberdinekin abiatu ziren, baina bizipen ahaztezinekin itzuli dira denak. Lasarte-Orian bueltan direla, bizitako esperientziak partekatzeko ‘Lasartetik mundura, mundutik Lasartera’ izeneko zikloa antolatu dute. Herrialde bakoitzari bi asteko tartea eskainiko diote eta ekintzak eta hitzaldiak egingo dituzte. Urtarrilaren 30ean hasiko dira, Herrialde Katalanei eskainitako tartearekin. Testigantzak gertutik ezagutu nahi dituzten lasarteoriatarrentzat aukera paregabea.

Zikloari hasiera emateko Herrialde Katalanei buruzko hitzaldia egingo dute Villa Mirentxun. AldarriCATuz taldeko kideek gaurkotasunaren haritik helduko diote beraien herriko egoera azaltzeari.

Lasarteoriatarrek ez gidatutako hitzaldi bakarra izango da, baina jardunaldi internazionalista hauek aurkezteko aukera paregabea dela pentsatu dute antolatzaileek. Izan ere, aktualitate politikoaren erdigunean dago gaur egun Katalunia.

Euskal Herrian bizi diren kataluniar talde batek osatzen du AldarriCATuz. Herrialde Katalanetan ematen ari den askapen prozesua aztertuko dute.

Bi asteko zikloak

Otsailean hasiko dira ‘Lasartetik mundura, mundutik Lasartera’ jardunaldietako zikloak. Jorratuko dituzten herrialdeak hauek dira: Palestina, Txile eta Maputxe herria, Venezuela, Peru, Bolivia, Kuba, Sahara, Mexiko eta Txiapas.

Herri bakoitzari bi aste eskainiko zaizkio. Gutxienekoa antolatzaileen hitzaldia izango da, eta ondoren, hura hornitzeko ekintzak egingo dituzte. Jorratuko duten nazioei buruzkoak izango dira, bertako elementu kulturalak, elikagaiak, ohiturak, etab. erakusteko. 

Ondorioz, udara bitartean luzatuko dira ‘Lasartetik mundura, mundutik Lasartera’ jardunaldiak. Azaldu dutenez, “desberdinak izango dira haien artean, norberak bere bizipenetan oinarritutako hitzaldiak” egingo baitituzte.

Jorratuko dituzten herrialdetako herrikideak gonbida-tzea ez dute baztertzen. Antolatzaileen aldetik “interesa” badela aitortu dute eta “gonbidapena luzatuko zaiela”. Aukera sortuko balitz, entzule edo hizlari moduan ekarpenak egitea positibotzat ikusten dute. Hala ere, onartu dute, printzipioz, “ez dela berehalako lehentasuna”.

Hizkuntza eredua ere partaideen eta hitzaldien araberakoa izango da. Euskara eta gaztelania uztartuko dituzte, hasiera batean.

Sinpletasunetik abiatuta

Parte hartzaileek azpimarratu dute “umiltasunez” eutsi diotela erronkari. Ez dute argazki orokorrik eman nahi ezta irudi absoluturik erakutsi nahi. “Aurkitutakoa azaltzea” dute helburu, hau da, “bizipenen araberako lanketa” egitea.

Hortik aurrera, saiatuko dira ahalik eta ekimen erakargarrienak osatzen. 

Kontuan izanik jardunaldiak hilabete batzuetan luzatuko direla, “hasierako esperientziek hurrenak osa-tzeko” ere balioko dute. Bizipenen artean dagoen “aniztasuna kontuan harturik, batak bestearena aberasteko ahalegina” egingo dute. 

Aukera erakargarria

Azken urtean, munduan zehar zenbait gazte lasarteoriatar ibili izanak motibatu du zikloaren antolaketa.

Haien ustez, jardunaldi erakargarriak izan daitezke lasarteoriatar askorentzat. Izan ere, herrikideen esperientziak eta inpresioak lehen eskutik entzuteko aukera izango dute. 

Halaber, antolatzaileen hitzetan, “beste herrialde zanpatu batzuetara bidaiatzeko eta tokian tokiko egoerak euren begiekin ikustera anima daitezke”.

Partaideak

Helburu ezberdinekin ekin zioten bidaiatzeari ‘Lasartetik mundura, mundutik Lasartera’ jardunaldietako kideak.

Ikasketekin jarraitzera joan ziren Ioritz Iparragirre eta Maider Galardi Txilera eta Mexikora, hurrenez hurren. Ikasle mugimenduaren ikuspuntutik aurkitutako errealitatea kontatuko dute, baita Txiapasi eta Maputxe herriari buruz ikasitakoa.

Kooperante gisa abiatu zen Nerea Arteaga Peru aldera. Egondako eskualdeko esperientzetaz arituko da gehienbat.

Igor Arias eta Iker Ortega brigadista moduan joan ziren Boliviara eta bertako errealitate politikoa ezagutu ahal izan zuten. Ondoren, Venezuelan eta Hego Ameriketako beste herrialde batzuetan ere egon ziren.

Abuztuan Kuba zeharkatu zuten Irati Perezek, Ane Labakak eta Urdiñe Fernandezek, eta bidaian bizitakoa partekatuko dute.

Andoni Mujika Argeliako  sahararren errefuxiatu guneetan egon zen abenduan, eta urteetan eduki du harremana bertako familia askorekin. 

Herritarrek eskainitako lehen hitzakdia Palestinari zuzendutakoa izango da. Oihan Agirretxe herritarra bertan izan zen abuztuan brigadista moduan, eta bertako gatazka jakitera ematea izango du helburu hitzaldiak. Izan ere, azpimarratu duenez hori da palestinarrek nahi dutena. “Hemendik hara joatea eta bueltan ikusitakoa herrikideei transmititzea”.

Ez da bere lehenengo hi-tzaldia izango, Usurbilen lehenago bat emana baita.  Orduan bakarrik aritu zen, eta ahal balitz, oraingoan brigadako beste kideek parte hartzea nahiko luke, ikuspegi osoagoa ematearren.