Euskal Ligan mantentzeko lehiatuko du Ostadar SKTk

Txintxarri Aldizkaria 2016ko urtarrilaren 23a

Gogotik saiatu arren, Ostadar SKTko junior neskek ezin izan dute final handirako sailkatu. Gasteizko Araski taldearen aurka neurtu dituzte indarrak Ander Otaegiren jokalariek eta partidu gogor baten ostean 61-71 galdu dute. Euskal Ligara igo dira jada, baina Lauko Finala irabazteko aukerarik ez dutenez maila mantentzeagatik egingo dute borroka.

Porrotak beti dira porrot, baina batzuk mingarriagoak dira eta, beste batzuk aldiz, gozoagoak. Azken horietakoa izan da gaurkoa Ostadar SKTko junior neskentzat. Izan ere, sari handienak Euskal Ligara igotzea eta Errendimendu kategoriako lauko finala jokatzea izan dira.

Balentria dagoeneko egin badute ere, Gasteizko 'Final Four'-era merezimendu osoz iritsi direla frogatu nahi izan dute gaur Ander Otaegik entrenatutako jokalariek. Aurrean arerio gogorra izan dute oso: Fase erregularrean partidurik galdu ez duen Araski talde arabarra. Norgehiagoka borrokatua izan da, ez batak eta ez besteak ez du alde handiegirik ireki markagailuan; arabarrak joan dira aurretik hasieratik, baina urdin-beltzek ez dute amorerik eman eta beti ibili dira gertu, 3-4 puntu atzetik.

Oso kontzentratuta kantxaratu dira Ostadarreko neskak, eta Araskik falta ugari egin behar izan ditu haien jokoa geratzeko. Gaurkoan ongi atera zaie jokaldia, herritarrak ez baitira fin ibili jaurtiketa libreen marratik: 46 jaurtiketa egin dituzte, eta erdiak besterik ez dituzte saskiratu. Arabarrek ez dituzte barkatu urdin-beltzen akatsak, bigarren zatian saskiratutako urruneko jaurtiketak baliatu dituzte markagailuan aurretik egoten jarraitzeko eta irabazteko. Azkenean, 61-71 Araskiren alde. Ordizia izango du aurkari talde arabarrak bihar, Divino Maestro kiroldegian, 15:30ean.

Gasteiza goizean goiz irten badira ere (7:45ean, autobusez, Michelindik), pare bat dozena herritarrek taldeakin batera egin dute bidaia, eta gogotik animatu dute partiduan zehar, euren oihuak izan direlarik nagusi kiroldegian.

Maila mantentzeagatik borroka 

Ostadarrek jada ez dauka aukerarik Gasteizko Lauko Finala irabazteko. Beraz, beste semifinala galdu duen Getxorekin eta txapeldunordearekin (Araski eta Ordiziak bihar jokatuko dute finala) batera Euskal Ligan mantentzeagatik egingo dute borroka denboraldi amaierara arte. Euskal Ligako fase erregularrean azkeneko hiru postuetan sailkatutako taldeekin batera seiko multzo bat osatuko dute. Astelehenean jakingo dute egutegia. Irabazlea, aldiz, beste multzo batera joango da, Euskal Ligako fase erregularrean lehenengo bost postuetan sailkatutako taldeekin batera Euskadiko Txapelketa jokatzera. 

Endika Marrahi Ostadarreko saskibaloi koordinatzailearen arabera, "partidu oso polita eta onuragarria" izan da gaur Ostadarrek jokatutakoa. Etorkizunera begira esperientzia hartu eta kategoriari neurria hartzeko baliatu beharko dute Ander Otaegiren jokalariek.