Jokatutako norgehiagoka bakoitza ikasgai

Txintxarri Aldizkaria 2016ko urt. 24a, 17:13

Jardunaldiz jardunaldi aurrerapausoak ematen ari da Gipuzkoako jubenil mailako Lasarte Kafe Bar Ostadar taldea. Imanol Azkue eta Mikel Escribanok zuzendutako jokalari askok lehenengo denboraldia dute aurtengoa kirol eta kategoria honetan, eta ez dira batere gaizki ari. Partidu gogorra izan dute gaurkoan, norgehiagoka denak irabazi dituen Summa Aldapetaren aurka. 2-6 irabazi du kanpoko taldeak.

Lasarte Kafe Bar Ostadar taldea jokatzen ikustean ez da antzematen jokalariek estreineko denboraldia dutela areto-futbolean eta jubenilen kategorian. Abuztuan elkartu eta lanean hasi zirenetik, euren jokoak kalitate jauzi handia eman du, kategoriako liderraren aurrean aurpegia emateraino.

Ez da izan partidu samurra gaurkoa Imanol Azkue eta Mikel Escribanok zuzendutako taldearentzat. Donostiako Summa Aldapeta hamar partidutik hamar irabaztetik zetorren Michelingo kirol-gunera. Hamaikagarrena zakuratu dute, herritarrei 2-6 irabazita.

Oreka eta joko trabatua izan da nagusi lehenengo minutuetan. Kanpoko taldeak eraman du jokoaren pisua, baina defentsa-lan ederra egin dute herritarrek, donostiarren eraso denak moztuz. 
Summa Aldapetak etxekoek lehen zatian egindako akats bakarretako bat baliatu du 0-1ekoa sartzeko. Falta bat gaizki atera dute urdin-beltzek, eta kontraerasoan maisuki sareratu dute baloia donostiarrek. Hortik aurrera, herritarrek markagailua iraultzeko gogotik borrokatu badute ere, liderrak erakutsidu zergatik dagoen sailkapenaren gorenean, eta hiru puntuak eraman ditu bueltan Donostiara.

Lehenengo sasoia izanagatik, ederki ari da Lasarte Kafe Bar Ostadar, eta jokatutako hamaika partiduetan hamar puntu zakuratu ditu. Taldearen sorrera izan da aurten Ostadar SKTren areto-futbol alorrak egin duen apustu indartsuena, herriko gazteen artean kirola sustatuz eta bide batez harrobia landuz, etorkizunean senior taldeetara jokalari gazteak irits daitezen.

Lidertzan jarraitzen du Cecilia Kebab Ostadarrek

Gipuzkoako 2. mailako lehen bi sailkatuek, Anoetak eta Cecilia Kebab Ostadarrek, indarrak neurtu zituzten ostiralean Abraham Olano kiroldegian. Bana berdindu zuten, eta horri esker lidergoan jarraitzen dute herritarrek.

3. Nazionaleko Ostadar Antonio Ostadarrek berriz, 3-1 galdu zuen Presion Break liderraren aurka. ISU Leihoak taldeak berriz, atseden hartu du asteon.