Texas hobeto zelairatu zen Michelingo berdegunera, eta hori baliatu zuen markagailuan bi goleko abantaila jartzeko, Ederren eta taldearen azken fitxaketa Miguel Angelen golen bitartez. Ostadarrek ez zuen amore eman ordea, eta atsedenaldira joan baino lehen aldea murriztu zuen, Mikel Gonzalezen gol bati esker. 2-1ekoarekin joan ziren atsedenaldira bi taldeak; dena erabakitzeke zegoen oraindik Michelinen.
Bigarren zati eroa
Lehenengo zatian Texasek hobeto jokatu bazuen, bigarrenean Ostadar izan zen nagusi, hark eduki baitzituen aukera onenak berdinketa lortzeko. Hala egin zuen talde urdin-beltzak, Jon Kortak sareratutako penalti baten bidez.
Bazirudien Ander Rekondoren mutilek edozein unetan irauliko zutela markagailua, baina Josu Garciak sekulako gola sartu zuen Texasi abantaila emanez berriro ere. Bigarrena sartu zuen handik gutxira, arean aldaratze bat baliatuz. Gisa honetako derbietan ezin dira partiduak bukatutzat jo. Kortak 4-3koa sartu zuen emozioa emanez norgehiagokari eta berdinketa izan zuen bere hanketan, baina Texaseko defentsa batek eragotzi zuen 4-4koa markagailura igotzea. Texasek ere sortu zuen arriskua hainbat kontraerasotan, baina markagailua ez zen gehiago mugitu eta zuri-urdinek zakuratu zituzten hiru puntu garrantzitsuak.