Ostiralean, Danok Kide elkarteak antolatzen dituen Musika Topaketen saio berria izango da. Berriro ere, musika barrokoaz gozatu ahalko da Ama Brigitarren komentuan egingo den emanaldian. Baina bikote berezia izango kontzertua eskainiko duena, 'Duo L'incontro'.
'L'Incontro bikotea'
Itziar Lujanbio oboe joleak eta Francesca Romana harpa joleak osatzen dute bikotea.
Biek Musikeneko Goi Mailako ikasketak egiten ari zirela topo egin zuten Donostian.
Bakoitzak bere bidea egin du. Itziar Koloniara abiatu zen bere formakuntzarekin jarraitzera. Francescak, berriz, maila nazional eta internazionalean kontzertuak eman ditu.
Hiru urte igaro dira geroztik eta berriro elkartu dira ikasi duten guztia partekatu, aberastu eta elkarrekin errepertorio zabal bat lantzeko.
Euskal Herrian eta Frantzian eman dituzte lehenengo kontzertuak. Adibidez, Donostia Kulturak antolaturik, Donostiako Musika Sakratuaren Zikloan parte hartu dute.
Barroko musika
'Il salotto barocco' egitaraua eskainiko dute. Honetan Händel, Vivaldi edo Teleman egile ezagunen lanak eta doinu anonimoak eskainiko dituzte. Hala nola, Händelen 'Lascia ch’io pianga' edo Vivaldiren Lau Urtaroetako Neguko 'La pioggia' doinua.
Barroko musika gustuko duten herritarrek hitzordua dute, hurrengo ostiralean, Ama Brigitarren komentuan arratsaldeko 19:30etik aurrera.
Itsaspeko zinea
Bestalde, itsaspeko zinea gogoko duten herritarrek krispetak prestatzeko garaia dute. Lasarte-Oriako Udalaren laguntzaz, Danok Kide elkarteak Real Sociedad taldeko itsaspeko talderekin batera antolatzen duen Itsaspeko Nazioarteko Zinema zikloak otsailaren 8an izango du lehen saioa.
Otsaileko hiru astelehenetan, otsailaren 8, 15 eta 22an, Donostiako Itsaspeko Nazioarteko Zinema zikloan ikusgai izan ziren 9 film labur eta 3 film luze ikusi ahalko dira Manuel Lekuona kultur etxeko aretoan. Sarrera doakoa izango da eta saio guztiak 19:30ean hasiko dira.
Herritar baten lana
Nazioarteko, zein inguruko itsas hondoak eta fauna ezagutuko dituzte saioetara hurbiltzen diren herritarrek.
Lehen saioan, otsailaren 8an, sei film eskainiko dira eta horien artean, azpimarragarria da David Sanchez Carretero herritarraren lana.
'Motivos para bucear en el Cantábrico' lana herritar honen 'Desde dentro' proiektuko erakuslea dugu. Musika eta irudien bidez, Hondarribitik Donostirako bidea egiten du Davidek sei minututan. Gure kostaldean urpekaritza egiten den txoko ezberdinak erakusten ditu bertan, baita hauetan aurkitu daitekeen bizitza ere.
Honekin batera, 'Creemos en cero', 'Carmen', 'El arrecife de coral', 'Edless' eta 'El legado de las rias gallegas' osatuko dute eguneko emanaldia.
Otsailaren 15ean, 'El mero calimero', 'La isla azul', 'Ruta Moluscas' eta 'Cozumel' lanei esker, Estatuko edo nazioarteko irla ezberdinetako inguruak ezagutzeko aukera emango dute.
Azkenik, otsailaren 22an, 'Liquid Mirror' fim laburra eta 'Arrecifes' lana ikusi ahalko dira.
Film gehienak gazteleraz edo hitzik gabeak dira. 'Ruta Molucas' filma, berriz, euskaraz eskainiko da.