Euskal Herriko Mus txapelketako kanporaketa Xirimirin

Txintxarri Aldizkaria 2016ko urtarrilaren 25a

Urtarrilaren 29an, ostiralez, Euskal Herriko VIII. Mus txapelketako Lasarte-Oriako kanporaketa jokatuko da Xirimiri elkartean, 22:00etatik aurrera.

Irabazten duen bikoteak otsailaren 20an jokatuko den Gipuzkoako kanporaketarako txartela eskuratuko du. Horretan ere garaile izanez gero, martxoaren 5ean Zuberoko Urdiñarbe herrian jokatuko den finalean txapela eskuratzeko aukera izango luke bikoteak. 

Lasarte-Oriako finala jokatzen duten bi bikoteek saria lortuko dute, Asador Riojanos-en eta Etxezarreta Harategiaren eskutik. Lehenak bi pertsonentzako afaria emango du, eta bigarrenak arkumea.

Txapelketako irabazleek txapelak eta garaikurraz gain, 3.000 euroko saria eta nazioartera lau lagunentzat bidaia eskuratuko dute. Partehartzaile guztiek oroigarriak izango dituzte.

Izena ematea egunean bertan egingo da. Txapelketa honi buruzko informazio gehiago ehmus.eus orrialdean dago eskuragarri.