Lasarte-Oriako kirol sailak, 2014. urtean zehar, “Jolasteko eta Jokatzeko. Lasarte-Oriako kirol eta jarduera fisikoaren plan estrategikoa” gauzatu zuen 30 bileren bidez. Herriko kirolaren egoera ezagutu eta herritarren beharretan oinarrituta, eskaintza hobetzeko eman beharreko pausoak definitu zituzten. Plan hau jada amaituta eta onartuta dago. Eta orain, planaren gainean lehen urratsak eman nahi ditu Udalak.
Instalazioen azterketa
Kirol instalazioei dagokienean, herritarrek zein behar eta zein arazo dituzten ezagutzeko, hainbat informazio iturri erabili dituzte. Hala nola, kirolaren plan estrategikoan jasotako ekarpenak, kiroldegiko erabiltzaileen artean urtero egiten den inkestako proposamenak, udaletxeko erregistro bidez jasotako kexak, Kirol Mahaian elkarteetako ordezkarien aldetik jasotako ekarpenak etab.
Ondorio nagusiak
Kiroldegia eraiki zenean, duela 27 urte, garai hartako kirol-eskaera bestelakoa zen. “Ordutik, unean uneko moldaketak egin dira eguneratzeko eta konponbidea eman zaie, ahal izan den neurrian”, adierazi dute Taxio Arrizabalaga zinegotziak eta Karlos Altuna kirol teknikariak. “Kiroldegian eta Kirolgunean etengabe egin dira berrikuntzak, baina beharretako batzuei erantzutea ez da horren erraza eta bestelako konponbideak eskatzen dituzte”, gaineratu dute.
Ondorio argia atera dute, kiroldegia zaharkituta geratu da. Hainbat instalazio eta ekipamendu berritzeko premia gero eta nabarmenagoa da. Zailtasunak daude zerbitzu batzuk behar bezala emateko edo nahi duten herritar guztiei zabaltzeko, eta batez ere leku edo espazio falta da arazo nagusia, ordu jakin batzuetan.
Beraz, berrikuntza edo eraldaketa garrantzitsu bat burutzea beharrezkoa dela ondorioztatu du Kirol sailak. “Herritarren iritziz kiroldegi berri baten proiektuan zer aldatu eta zer hobetu beharko litzatekeen aztertua dago eta horren gainean egingo dugu lan”, adierazi du Arrizabalaga zinegotziak.
Teknikarien analisia
Behin herritarren beharrak zein diren ezagututa, txostena udaletxeko hirigintza eta kirol saileko teknikariek hartuko dute. “Nolako kiroldegi bat nahi genukeen jakitea ez da nahikoa. Kiroldegi hori non, nola eta zein kondiziotan nahi dugun ere jakin behar dugu. Horretarako, egun ditugun instalazioek eskaintzen dituzten aukera eta zailtasunak baloratu behar dira, izan nahi ditugun instalazio berrien kokapenak zein arazo eta zein aukera planteatzen dituzten ikusi behar da; egungo instalazioen ohiko jardunean zein moldaketa egin beharko liratekeen baloratu behar da; ze espazio behar diren zehaztu; espazio hauen kokapenak zein izan behar duen baloratu; kostu ekonomikoak kalkulatu etab., gero erabakiak hartzeko”, esan du Arrizabalagak.
Udal Teknikariek beraz, kirol-instalazio berriak izateko aukerak, aldeko eta kontrako puntuekin, aztertu eta proposatuko dituzte hurrengo hilabeteetan. “Prozesu barnebiltzaile bat jarriko da martxan. Orain artean planteatutako aukerak, eraberritzeak edo handitzeak, eta bestelako proiektu berriak aztertuko dira, tartean kiroldegi berri baten kokalekua”. Behin hau eginda, hurrengo pausoa kirol-eragileekin eta oro har herritarrekin partekatzea izango da Arrizabalagak dioenez, “etorkizuneko proiektuaren norabidea“ adosteko.