Harrera ekitaldian Aldundiko Euskara Zuzendaria Zigor Etxeburua, Udalbiltzako lehendakari Mertxe Aizpurua, UEMAko Maren Belaustegi eta Lasarte-Oriako alkatea Pablo Barrio izan dira.
Zigor Etxeburuak esan du legeak berak jartzen dituela mugak “epaitegietan da kontratatzen diren zerbitzuetan hizkuntza irizpideak jartzearen erabakia. Batzuentzat azkarregi joan eta langile publiko guztiei euskara eskatzea gehiegi da”. “1982ko normalizazio-legea zaharkitua dago. Orduko ustezko adostasuna 'postureoa' zen askorentzat”
Mertxe Aizpuruak Euskal Herri osorako legea behar dela azpimarratu du “Lege berriak autonomiari begiratzen dio soilik. Nafarroa eta Ipar Euskal Herria kanpo uzten ditu”. “Legeak euskara babestu eta indartzeko zein senidetzak, elkarlanak bultzatu beharko lituzke”.
UEMAko Maren Belaustegik berriz, euren egunerokoan euskaraz egiten saiatzen diren arren, zailtasunak direla aipatu du. “Nafarroan euskara planak pasatzeko tentuz jokatu behar dugu, elebitasuna nagusitu da eta guk euskaraz bakarrik aktak aurkezteak, legiteak ekarri dizkigu”.
Azkenik, Pablo Barriok hartu du hitza parte hartzaile guztiei ongietorria eman eta egun hauetako saioak “interesgarri, baliagarri eta emankorrak izatea espero dut” adierazi die. 7 urtez topaketa hauek egin dira herrian eta beste hainbeste gurean hartzeko asmoa azaldu du alkateak.
Udaletako hizkuntza-legea gertutik ezagutzen duten solaskideak gonbidatu dira; Eusko Jaurlaritzako legelaria den Zelai Nikolasek Udal Legeak udaletako hizkuntza politika zertan hobe dezakeen azaldu du eguneko lehenengo jardunaldian; EHUko zuzenbide irakasle Iñigo Urrutiak Udal Legea hobetzeko proposamenak jarri ditu mahai gainean, eta Iñigo Lamarka Gipuzkoako Batzar Nagusietako legelariak, euskararen legea aldatzeko aukeraz ariko da arratsaldeko azken saioan.
Euskararen lurraldeetako beste errealitateak ezagutzeko Laura Perez Nafarroa Aldatu Ahal Dugu alderdiko idazkari orokorra, Ione Josié Errobi Herri Elkargoko euskara teknikaria, Begoña Garmendia Azkoitiko Udaleko idazkaria edota Aramaioko euskara departamentuko arduradunak gonbidatu dira.
Ondorioen tartean, Sustrai Colinak bi egunetan jasotako mezu nabarmenenak bilduko ditu.
Guztira 150 lagunetik gora bilduko dira bi egun hauetan Lasarte-Orian. Herri administrazioetako euskara teknikariak, politikariak, aholkularitza enpresetako langileak, hizkuntza erabileraren gaietan ikerlari eta aditu direnak, edota oro har, lan jardunean euskara ardatz dutenak.
Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Lasarte-Oriako Udalak antolatzen dute Udaltop, eta zazpigarren edizioan Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren eta Udalbiltzaren babesa du, eta UEMAren laguntza.