Udaltopek EAEko Udal Legeari ekarpena egin nahi izan dio

Txintxarri Aldizkaria 2015eko apirilaren 30a

Sustrai Colinaren ondorio bilketarekin amaiera eman zaio Udaltop topaketari. Sustrai Colinak bi egunetan jasotako mezu eta ideia nabarmenenekin, erredaktore lanak egin ditu, "ideia kontrabandistarena", berak azaldu duen bezala. Oinarria jarri dio Udal Legearen proiektuari ekarpena egiteko, horixe baita aurtengo Topaketaren beste helburuetako bat.

Goizean zehar hainbat hizlari izan dira Manuel Lekuonako oholtzan. Hernaniko Euskara teknikaria den Malores Etxeberria administrazio elektronikoaren inguruan aritu da. Informatikak eskaintzen dituen abantailak euskararen normalizaziorako traba ez baizik eta aukera bihurtzea dela erronka esan du. “Eta aukera ona izan daiteke hauxe dena, sistematizazio lan handia eskatzen duelako, ereduak berritu, prozedurak zehaztu, espedienteak informatizatu, webak berritu… eta hori dena euskaratik eta euskaraz egiten badugu, onuragarria izan daitekeelako oso”.

Bestalde, publiko gaztea da administrazio elektronikoa erabiliko duena, “hain zuzen ere euskararen ezagutza handiena duena”, eta hori aktibatzea egokia izan daiteke  bere hitzetan administrazioak euskaraz lan egiten jarrai dezan. “Baina horretarako, ausartak izan behar dugu. Aurrez aurre eta paperean egin ditugun aurrerapenak ere ausardiaz jokatuta egin ditugu, maiz legearen ertz-ertzetik ibiliz. Erosokeriaz eta beldurrez jokatzen badugu, asko izan dezakegu galtzeko”.

Ostean Nafarroako egoera ezagutzeko “Nafarroan justizia eta euskara bateragarriak dira?” galderaren inguruan aritu dira Eduardo Santos NUP-eko zuzenbide irakaslea eta Laura Perez Nafarroa Ahal dugu -ko idazkari orokorra.

Perezek esan du “euskararen egoera Nafarroan eskizofrenikoa da”. Azaldu duenez, konplexuak ere badaude, “ez bazara euskaldun petoa gaizki begiratzen zaituzte batzuetan”. "Euskarak estatus instituzionala beharko luke Nafarroan. Zonifikazioak lehen eta bigarren mailako nafarrak sortu ditu".

Hau dela eta, Perezek beharrezkoa ikusten du euskararen normalizazioa gobernuko esparru guztietan. Esan duenez, alderdiaren baitan ere euskararen inguruan barne eztabaidak izan dituzte, hala ere, euskarako egiten duten azken proposamena Kontseiluaren proposamenean oinarrituta dago, “moldaketaren batekin”. Euskararen Lege berri bat onartu behar dela esan du eta hori egin bitartean, euskarari kalte egiten dioten dekretuak indargabetu.

EITB-ren inguruan izandako zalapartaren harira, euskarazko hedabideak babestu behar direla esan du, lizentziak emanez, diru-laguntzak bideratuz etab. Orokorrean, Nafarroan unibertsitatean, lanbide heziketan euskara zabaldu behar da eta helduen euskalduntzea  orokortu.

Ondoren, Joseba Belaustegi Pasaiako udaleko idazkariaren txanda izan da. “Euskara benetan ofiziala da?” galderari erantzuten saiatu da.  

Honen hitzetan, “non jartzen du konstituzioan euskara ez dela derrigor jakin behar? Nola da posible orduan ofiziala izatea? denok jakin behar dugu euskara, bestela ezin ofiziala izan”. Bere ustetan euskara lehenestea ez da diskriminatzea. Europako hizkuntza gutxituen kartak diolako eta hau legea da. Esaterako, "Espainiako legeak esaten du ez dela diskriminazioa webgunean euskara lehenestea".  Administrazioan "hizkuntza eskakizuna lan hizkuntza euskara edo elebiduna izango dela ziurtatzeko da”. Azaldu duenez, langile publikoa ez da langile soila, lotura berezia du eta horregatik derrigortu daiteke bere laneko hizkuntza. Defendatu du garaia dela euskararen legea aldatzeko.

Atsedenaldiaren ondoren taldetan banatu dira parte hartzaileak eta lan saio bat egin dute egun hauetan entzundakoaz gogoeta egiteko.

Sustrai Colinaren ondorioekin amaitutzat eman dute Lasarte-Orian ospatzen den jardunaldi hauen zazpigarren edizioa.