III. Musika Asteko notak

Txintxarri Aldizkaria 2015eko apirilaren 19a

Amaitu da III. Musika Astea. Hirubi boskoteak eman zion hasiera ostegunean musikaz beteriko egitarauari, eta asteburuan Mikel Urdangarin, Ars Combinatoria eta Suberri akordeoi Orkestra entzuteko aukera izan dute Lasarte-Oriako musikazaleek. Jende asko bildu da ostiral, larunbat eta igandeko kontzertuetan, bereziki San Pedro elizan, Ars Combinatoria entzuteko.

Hirubi taldeak eman zion hasiera Musika Astearen hirugarren edizioari, ostegunean. 

Jarraipena Mikel Urdangarinen eskutik etorri zen. Euskal Herriko bakarlari ezagunenetakoak ohiko abestiak jo zituen Manuel Lekuonan gitarra bakar baten laguntzaz eta argi leun batek girotuta. Besteak beste, 'Notak paper solte batean', 'Anek idatzi dit zutaz', 'Bazkalosteko kafea', 'Badira hiru aste' edota 'Non geratzen den denbora' jo zituen entzuleen gozamenerako. 

Larunbatean, San Pedro elizan egin zuen emanaldia Ars Combinatoriak. Erdi Aroko polfonia ardatz, gizonezko eta emakumezko koro bana ekarri zuten herrira, Canco Lopezek zuzenduta. XXII, XIII, eta XIV. mendeetako Erdi Aroko abestiak, hainbat katedraletan abesten ziren doinuak, Codex Calixtinusean agertzen diren abesti ak... Denetik interpretatu zuten jendez lepo zegoen elizan. Gehienak 'a capella' abestu zituzten, baina izan zen uztai-biola instrumentua entzuteko tarterik ere.

Suberriren kontzertua
Azkenik, jendetza bildu zen igande eguerdian Manuel Lekuona kultur-etxean herritarren emanaldiaz gozatzeko eta Elias Goikouriak zuzendutako akordeoi-orkestrak ez zuen hutsik egin. Lasarteoriatarrek bazuten gogoa herrian emanaldi bat emateko, eta nabaritu zen etxean jotzeko grina.

Astor Piazzolaren 'Oblivion' obran Amaia Sukiak egin zituen bakarlari lanak, doinu hunkigarriekin.

Musikari klasikoentzat ere izan zen tartea, Wolfgang Amadeus Mozarten 'Pequeña Serenata Nocturna nº13' interpretatu zuen Suberrik eta AC Jobimen 'La Chica de Ipema lanean Ramon Irizar aritu zen saxofoi-bakarlari moduan. Juan Urteagaren Scherzo e Cantabile eta Karl Jenkinsen 'Palladio' obrekin eman zioten amaiera asteari.

III. Musika Asteko bideoteka