Mendi-bide zikinak garbitu, lurra palaz berdindu eta sastrakak kentzen aritu dira azken egunotan, Gipuzkoa osotik etorritako txirrindulariek guztia primeran topa zezaten. Andatzan egiten ari diren egur mozketek erabat baldintzatuta, 29 eta 35 kilometroko bi ibilbide prestatu zituzten, azken orduan. Proba herriraino bertaraino ekarri dute gainera, Antonio Merceroko belardietara. Mendi-bizikletak eta helmugara iristen ziren parte-hartzaileen irribarreak ikusleen txaloekin nahastu dira. Ziklistei bakarrik ez, herriari begira antolaturiko ekitaldia delako trabesia. Okendon herriko hainbat taberna eta komertzioren eskuzabaltasunari esker jarritako postuan txistorra, haragi egosia, salda beroa, kafea, edari isotonikoak, garagardoa, fruta, pasteltxoak... Denetarik izan dute txirrindulariek aukeran. Eta txirrindulari ez direnek ere bai. Giro ona nagusitu baita ohi bezala, eta ez eguraldiari dagokionez bakarrik. Denera 387 parte-hartzaile izan ditu aurtengoak, tropel koloretsuak goizean goiz ekin dio bideari eta eguerdi partean tantaka helmugaratu dira denak aurreko egunetako euriteek sortutako putzuetako lokatza aurpegian itsatsita zutela. Ekleyson Marques da Silva usurbildar-amazoniarra eta Jose Luis Iñorbe herritarra elkarrekin helmugaratu dira lehen postuan, 1:47ko denborarekin. Baina hori, gutxienekoa da.