Guraso elkarteko kideek azpimarratu zuten modura, kulturartekotasun asteko ekintzak gurasoei zuzendutako ekintzak dira eta helburu zehatza dute, aurreiritziak gainditzen lagunduko duen elkar ezagutza sustatu. “Aniztasuna beste kulturetako kultura eta pertsona ezagutzean datza. Gurasoak eredu izan behar gara etorkizunean Lasarte-Orian elkarbizitza egoteko. Gure eskuetan dago”.
Bikendi Lazkano zuzendariak guraso elkartearen lana goraipatu zuen. “21 herrialdeetako haurrak ditugu ikastetxean eta bertan egiten den lana indartzen dute guraso elkarteko kideek. Herrialde ezberdinetako haur eta gurasoei ongi etorria egin eta bertako direla sentiaraztea da gure helburua”.
Pablo Barrio alkateak “bertan koloretako lorategia dago” eta honek irauteko indarra duela azpimarratu zuen, Kulturartekotasuna udalaren ardatzetako bat dela eta Sasoeta-Zumaburu ikastetxeko guraso elkarteari laguntzea bere egin beharrekoa dela aipatu zien.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailburuaren Kabineteko zuzendaria ikastetxeak eta guraso elkarteak egiten duen lana ikusita, harro agertu zen bertan egoteaz. “Ez dago hemengo edo kanpoko jendea. Jendea dago eta bertan gaude. Armonian eta integratuak norberaren nortasuna eta kultura mantendu behar dugu. Beste alde batera begiratzea historiaren aurka joatea da,” adierazi zuen.
Guraso elkarteko kideek herritarrak gonbidatu zituzten Sasoeta ikastetxera hurbiltzera astean zehar hainbat ekintza daude eta.
Beste ekintzak
Esate baterako, hasiera ekitaldiaren ostean, Mioara Denisov Decebal Errumania-Euskadi elkarteko kideak bere herriaren berri eman zuen. Gaur aldiz, Saharar herriak hartuko du protagonismoa 18:00etatik aurrera.
Era berean, Saharar herriari buruzko erakusketa eta batzordeak antolatutako argazki lehiaketako erakusketa ere ikusgai izango dira astean zehar.