Xanti Telleria eta 'Estai' garaile Itzurungo zaldi lasterketan

jon-altuna-egitegi 2015eko apirilaren 23a

1.500 metroko lasterketa nagusia irabazi zuten Xanti Telleriak eta 'Estai' behorrak joan den asteburuan. Herritarra hemezortzi zaldunen artetik onena izan zen Zumaiako hondartzan, San Telmo festetako proban. Honekin, laugarren garaipena lortu dute erreskadan Itzurunen. Bigarren postuan beste herritar bat sailkatu zen, Guillermo Sanchez, 'Messi' zaldiarekin.

Telleria eta Sánchez herritarren atzetik Gaizka Villanueva bizkaitarra eta 'Pitxumina' zaldia sailkatu ziren hirugarren postuan. Gustura zen Xanti Telleria Pepene baserriko semea zaldiaren lanarekin: “Primeran moldatu gara, lan ederra egin du Estaik”, adierazi du. Aurtengoa kontutan hartuta, Zumaiako probako azken lau edizioak erreskadan irabazi dituzte lasarteoriatarrak eta haren behorrak, ikusle oldearen aurrean. 

Itzurunen bertan amaitu dute hondartzetako denboraldia eta orain landa eta errepideetan arituko direla azaldu du Telleriak. Izan ere, Euskal Herriko herri gehienek udara aldean ospatzen dituzte herriko festak eta ohikoa izaten da zaldi lasterketa ikuskizunak egitarauetan topatzea. 

Esaterako, maiatzaren 17an Bizkaia aldean 2.400 metroko errepideko lasterketa izango dute. Hilaren 23an Izaskunen, Tolosan izango dira eta 31n berriz Anoetan.

Lasarteoriatarraren asmoa, ahal dela, proba guztiak irabaztea da: “Garaipenagatik borrokatzeko moduan gaudela uste dut, iaz parte-hartu genuen proba guztiak irabazi genituen. Aurten ezingo dugu marka berdindu, Donostian, Ondarretan, bigarren izan gara eta”, esan du Telleriak. 

'Estai' behorra
Oso pozik dago jabea 'Estai' bederatzi urteko behorrarekin: “Belar, bide, hondar... Berdin dio, Estai beti aritzen da ondo. Denera 33 lasterketa ditu irabaziak bere ibilbidean. Beterano samarra da, eta ongi ikasia dago. Aurreneko postuan jartzen bada, ez dio inork aurrea hartzen. Beste zaldiren bat edozein lekutatik gerturatzen zaiola somatzen badu, erritmoa gogortu eta aurrera jotzen du. Abiadura eta erresistentzia handiko behorra da oraindik”.

Aurrez Hipodromotik ateratako 'Indar', 'Lur' eta 'Kalimotxo' zaldiak ere bazituen Telleriak, baina dagoeneko lasterketetatik erretiratuta ditu. Orain 'Estur' ilobaren zaldiarekin ere ibiltzen omen da pixka bat. “Zaletasun handia dut, ez dut diruagatik egiten, zaldiak prestatu eta ondo pasatzea da asmoa”.