Ibon Rosales arkitektoak proiektu honen lehen faseko nondik norakoak azaldu ditu. Udal arkitektoa pozik agertu da proiektu honen azken puntuan daudelako. Rosalesek gogoratu duenez, urte askotako lana da hau, "lokalak lortu, proiektua egin eta dirua lortu".
Era berean, lan hauek auzoan zegoen puntu beltzari, pasadizoari irtenbidea emango zaiola adierazi du.
Eraisketa lanak Murias enpresak eramango du aurrera eta 318.500 bat euroko gastua izango du.
Lanek hiru hilabete eta erdi iraungo dute. "Orain obren lehen pausoak ematen ari dira. Inguruaren egokitzapena egiten ari dira," aipatu du udal arkitektoak.
Hurrengo astean zangak ireki eta lokalak hustuko dira eta hamabost egunera eraisketarekin hasiko da. "Honek hilabete iraungo du. Lehenik Uzturre plazako lokalen eremua egingo da eta gero San Marcial plazakoa. Bakoitzean bi asteko lana egongo da".
Ostean, espazioaren egokitzapen lanak eta garajeen gainean forjatu berria egingo da. "Azterketa teknikoa egin eta zaharrek bakarrik etxeetako pisua eusten ez dutela ikusi zen. Hauek indartzea zen lehen ideia, baina ez da nahikoa eta berriak egingo dira," jakitera eman du Rosalesek.
Lanekin amaitzeko zoruko babesak jarriko dira. Pauso hau abuztuan egitea egotea espero dute teknikariek.
Udal arkitektoak hilabete hauetan auzotarrei pazientzia izatea eskatu die. "Lanek molestiak sortuko dituzte, soinua, hautsa eta kamioi asko izango dira bertan lanean".
Azkenik, Jaizkibel plazako lokalen eraisketa proiektua geratuko litzatekeela gogoratu du, baina "hori hurrengo urteetarako dago aurreikusia".
Eremuen erabilera
Bigarren fasea, espazio hauen erabilera zehaztean datza. Hau Sasoeta Sasoituz! parte-hartze prozesuaren bidez egingo da eta Hiridunak talde teknikoa egon da lanean ildo horiek zehazteko.
Ainhoa Guerras Hiridunak taldeko kideak azaldu duenez, 2014 urteko iraila eta abendua artean, auzotarrekin lan egin zen.
Bilera hauetan Lasarte-Oria eta Sasoeta auzoa nola sortu ziren azaldu zitzaien auzotarrei. Era berean, auzoan zeuden arazoak aztertu ziren, hala nola, zergatik erabiltzen dira plaza batzuk besteak baino gehiago.
Eta lokalak eraitsi ostean, espazio horri zein erabilpen eman ahal zaion ere landu zuten. "Horretarako herritarren proposamenak eta iradokizunak bildu genituen eta kontuan izango dira erabilpena zehazteko".
Bilera
Hau guztiaz gain, Udal teknikari eta Hiridunak talde teknikoko kideek ostegunean, apirilaren 30ean arratsaldeko 18:30ean, lan hauen zehaztapenak bilera egingo dela jakitera eman dute.
Honetan batetik, lanen zergatia, auzoan izango duten eragina eta auzotarrei sortu ahal dizkieten eragozpenak azalduko dira. "Esate baterako, lokal azpietako garajeak hustu beharko dira," aipatu du udal arkitektoak.
Era berean, Sasoeta Sasoituz! proiektuak zein puntuan dagoen azalduko dute Hiridunak taldeko kideek eta herritarren proposamenak gogora ekarriko dira. Eta lanak egin ostean, iraila aldera, beste bilera bat egingo dela jakitera emango dute, "hau eremuetan bertan egingo da eta herritarrek espazioa nola antolatu erabakiko dute".
Hau guztiagatik, Udalak auzotarrei osteguneko bilerara joateko gonbita egiten die.