Lau jardunaldi geratzen dira Ostadar SKTk antolatzen duen herriko areto-futbol txapelketako txapeldunen fasean zein talde sartuko diren jakiteko. Hurrengo asteburuetan norgehiagoka interesgarriak ikusiko dira Michelingo areto-futboleko kantxan.
Lehen faseko sailkapenean buru zein talde izango den ere erabakitzear da, Txindoki eta Izkiña taldeek puntu berdinketa baitute. Nahiz eta gol kopuruagatik Txindoki sailkapeneko lehengo izan, akats batek Izkiñaren alde jarri dezake balantza.
Larunbatean bi taldeek jokatu eta ez zuten hutsik egin.
Izkiña tabernak Txoko tabernaren aurkako partida zuen.
Lehen eta azken sailkatuaren arteko maila ezberdintasuna agerian geratu zen partida hasieratik.
Izkiña tabernak erraz jokatu zuen eta 8 eta 2ko markagailua izan zen amaieran.
Jarraian, Indaux eta Txindoki tabernaren arteko norgehiagoka izan zen.
Txindokik hasieratik bere erritmoa ezarri zuen eta atera iristean bere nagusitasuna erakutsi zuen. Atsedenaldira 5 eta 1 iritsi ziren taldeak.
Bigarren zatian ere ez ziren gauzak aldatu eta Txindokik lortu zuen garaipena, 9 eta 1eko markagailuan zela.
Txapeldunen fasea
Bestalde, hurrengo fasean, txapeldunen fasean sartzeko borroka ere ikusgarria izango da geratzen diren jardunaldietan.
Trumoi eta Indaux taldeek txapeldunen fasean egoteko ahaleginak egingo dituzte, baina ez dute lan erraza izango. Jardunaldi hau jokatu aurretik, sei puntutara Reformas Lagunak taldea eta zazpira Viña del Mar taldea zituzten. Hala ere, Trumoi taldeak partida bat gutxiago jokatu duela kontuan izan behar da eta horrek hiru puntu jokoan egotea dakar.
Indauxek aipatu legez, Txindokiren aurka galdu zuen larunbatean. Ostiralean, aldiz, Trumoi eta Reformas Lagunak taldeen arteko partida ikusi ahal izan zen, baina ezin izan dugu partida honetako emaitzarik lortu edizioa itxi baino lehen.
Gauzak honela, Txindoki, Izkiña eta hauetako talde birekin batera Buenetxea taberna, El Punto taberna, Insausti taberna eta Urdaneta hortz klinika taldeak egongo lirateke egun txapeldunen fasean; Also taberna, Ilargi taberna eta Txoko tabernak aldiz, kontsolazio ligaxkan jokatuko lirateke.
Pitxitxi
Hau guztiaz gain, pitxitxi trofeoa eskuratzeko lehia ere bizia da. Bi jokalari Buenetxeako Ander Petxarroman eta Izkiñako Ander Rubio dira gaur egun sailkapeneko bi lehenak.
Jardunaldi honetan, Asier Rubiok lau tanto gehitu ditu bere gol kopurura, guztira 41 gol eta Ander Petxarromanekin, 44 gol, zuen tartea murriztu du.
Buenetxeak aste honetan atsedenaldia izan du eta horregatik Anderrek ezin izan du bere kopurua handitu.
Lehen faseko lau jardunaldi eta txapeldunen fasea geratzen dira aurretik, baina bi jokalari hauek erakutsi dute pitxitxi trofeorako hautagai serioak direla.