Legegintzaldiko azkenaurreko plenoa, beroa

Txintxarri Aldizkaria 2015eko apirilaren 15a

Legegintzaldiko azkenaurreko plenoa izan zen astearte arratsaldekoa. Maiatzeko udal hauteskundeen aurretik, beste bat geratzen da soilik. Zortzi puntu izan zituen apirileko gai-zerrendak, eta gehienek eztabaida piztu zuten. Beterriko eskualdeko garapen agentziari buruz EAJk aurkeztutako mozioak bereziki. Dena den, Zaharren egoitzaren egoera, Udalaren Erreglamendu Orokorra eta lanpostu berrien hizkuntza-eskakizuna ere landu zituzten.

Pleno luzea, beroa eta eztabaidatua izan zen astearte arratsaldekoa. Zortzi puntu izan zituen eguneko gai-zerrendak.

EAJk aurkeztutako Beterri garapen agentziari buruzko mozioak piztu zuen eztabaida gehien alderdien artean.

“Eskualdeko EH Bilduko ordezkariek jakitera eman duten proposamenak ez du legezko baliorik, aurkeztutako erakundea ez baita oraindik eratu eta Udala agentziaren kide bezala sartu dute, logo ofiziala erantsiz”, salatu zuen EAJk, “gezur bat eraiki duzue”, leporatu zion Bilduri.

Irudia kentzeko eskatu, Udalaren irudia “interes alderdikoiekin” ez erabiltzeko exigitu eta inongo osoko bilkuran Beterri garapen agentziaren parte izatea ez dela onartu aitortzeko galdegin zion Estitxu Alkortak Bilduri.

PSEko Jesus Zaballosek bat egin zuen jeltzaleen eskariarekin: “Nekatuta gaude. Bildu langabezian dauden pertsonekin jolasten ari da. Plenoetan erabaki behar da garapen agentziaren parte izan nahi dugun ala ez. Ez dugu opakotasunez beteriko halako txiringitorik nahi. Hernani, Usurbil eta Astigarragaren babesa du soilik, ez Lasarte-Oria, Andoain eta Urnietarena”.

Bilduko Gorka Lizarragak erantzun zien Beterri garapen agentzia sortzean garbi utzi zutela sortzen zutena irudi bat zela, ez zutela egitura juridiko bat sortzen, marka bat bakarrik. “Lanean ari gara eskualde mailan langabeziaren aurka borrokan, oposizioak uzten digun heinean behintzat. Kooperatzen, Inoforo diru laguntzak. Biziberritzen proiektua... Gure lehentasuna da langabeziari aurre egitea”.

Eztabaidaren ostean bozketari ekin eta PSE, PP eta EAJren aldeko bozkekin onartu egin zen mozioa. Bilduk kontra bozkatu zuen eta LOHP abstenitu egin zen.

Gainontzeko puntuak
Gai-zerrendako beste puntuek ere eman zuten eztabaidarako tartea. Esaterako, lanpostu zerrendan agertzen diren 20 lanposturi hizkuntza-eskakizuna eta derrigortasun-data aldatzeko proposamena onartua izan zen. PSE eta PPk bozkatu zuten kontra.

“Euskara interes alderdikoiekin erabiltzen du udal gobernuak, zuek eskatzen duzuena ez dator bat herriaren errealitate linguistikoarekin eta jende askok ezingo du oposizioetara aurkeztu”, salatu zuten Velez eta Zaballosek.

Pablo Barrio alkateak erantzun zion herritarrek eurek nahi duten hizkuntzan erantzun ahal izateko “eskubidea” dutela eta udaleko langileek hori “bermatu” beharra daukatela.

Lasarte-Oriako Udaleko funtzionamendua arautuko duen Erregelamendu Organikoaren onarpenari dagokionez berriz, bere horretan geratu zen ez zuelako gehiengo absolutuaren babesa lortu. PSEk eta EAJk erretiratu egin zituzten jarritako emendakinak. “Landuta dago, baina ez behar bezala landuta. Lan asko egin dugu eta gehiago egin behar bada ere, prest gaude”, adierazi zuen Alkortak. “Asko dago eztabaidatzeko oraindik”, esan zuen Zaballosek.

Pablo Barrio alkateak bere aldetik, Erreglamenduak dituen 125 puntuetatik desadostasuna hirutan soilik egon dela adierazi zuen eta hori “azpimarratzekoa” iruditu zitzaion, “lanean jarraituko dugu”.

Eguneko seigarren puntuan, PSEk mozioa aurkeztu zuen Biyak Bat Zaharren egoitzako egoera “txarra” salatuz. Hezetasunak, leihoen egoera “tamalgarria” eta Udal Gobernuaren “utzikeria” salatu zituen Zaballosek.

Gainontzeko alderdiek mozioa “konpartitu” bai, baina hori 2015eko aurrekontuen baitan negoziatu beharreko puntutzat jo zuten eta gainera, “larrialdi irteera” bat egitea presazkoagotzat ikusten dute.

Aldeko bozkak beraz, PP eta PSEren zazpiak izan ziren, kontrakorik ez eta hamar abstentzio.
Bestalde, Jaularitzak bultzatu duen Udal Lege egitasmoaren aurrean Bilduk  prozeduran “epe luzapen bat”  eskatuz aurkeztutako mozioa atzera bota zuten.

Azkenik, aho batez onartu zen herriko Manttangorri autobus zerbitzua Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzan inkorporatzeko eskabidea.

Galderen txandan 2015eko aurrekontuak, Beterri, udal aldizkaria eta Garaikoetxea izan zituzten eztabaidagai.