Lasarte-Oriako Sarek “pankarta ibiltaria” izeneko ekintza antolatu du. Hitzordua, igandean izango da, 12:30ean, Okendo plazan.
Ekintza honen bitartez, Lasarte-Oriako Sarek bat egin nahi du Sare orokorrak asteburuan “Sarea zabaltzen, dispertsioarekin amaitzera goaz!” lelopean ehunka herri eta auzotan egiteko asmoa duen beste hainbat ekintzarekin.
Lasarte-Oriako kasuan, euskal presoek oro har pairatzen duten dispertsioaren amaiera ez ezik, preso gaixo larrien berehalako askatasuna ere eskatuko da, eta bereziki herriko seme den Ibon Fernandez Iradirena.
Sare orain dela urtebete sortu zen, eta, hain justu, asteburuko ekintzek helburu jakin bat dute: euskal preso, iheslari eta deportatuen giza eskubideen alde sortu zen sarea ehuntzen jarraitzea.
Fernandez Iradi aske izatearen alde
Bestalde, Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen, Berdintasunaren eta Herritarren Partaidetzaren batzordeak bere osasun-egoera dela eta, Ibon Fernandez Iradi aske izatearen alde egin zuen atzo.
EHBilduk legez besteko proposamena aurkeztu zuen eta EAJren babesa izan zuen. Aurretik erakunde publikoek pertsona guztien giza eskubideak bermatu behar duten deklarazioa adostu zuten bi alderdiek, honetan askatasunik ez dutenen pertsonak barne daudelarik.
Testuan espetxe politikak preso gaixoei zuzendutako irtenbide humanitarioak izan behar dituela adierazten da, "batez ere, kasu honetan legez, espetxetik irten behar den pertsonei zuzenduak".
Legebiltzarrak urgentziaz jakinaraziko dio akordioa Pariseko Dei Auzitegiari. Izan ere, maiatzaren 7an Fernandez Iradi aske uztearen aldeko eskariari buruzko epaia eskainiko baitu Pariseko auzitegiak.