Jardunaldi teknikoa Lanbide eskolan

Txintxarri Aldizkaria 2015eko apirilaren 17a

Usurbilgo Lanbide Eskolako ikasleek jardunaldi berezia izan zuten asteazkenean Hexagon Metrology enpresaren ordezkariek gidatutako tailerrarekin.

Lanbide eskolako zuzendaria den Patxi Vaquerizok jardunaldien irekieran esan bezala “eskolak etengabeko harremana izan nahi du esparruko enpresekin eta hauek garatzen dituzten sistema eta teknologiekin”. 

Hau dela eta Hexagon enpresako ordezkariak gonbidatu zituzten eskolara asteazkenean eurek garatutako teknologian oinarritutako neurketa tresnak aurkeztu eta erabilera azaltzeko. Jardunaldi honetan eskualdeko enpresetako ordezkariek ere parte hartu zuten entzule moduan.

Gasteizen egoitza duen enpresaren lana hobeto ezagutzeko aurkezpen laburra egin zuten ordezkariek izan ere, honen lana metrologia industrilerako aparailuen diseinua eta garapena da eta hauek erabiltzen dira besteak beste, industria aerospazialean, energia berriztagarrietan edota medikuntzan. Aurkezpenen ostean, ikasle eta irakasleekin batera hamaiketakoa egin eta jarraian ekin zioten saio teknikoari. 

Bertaratutakoek aukera izan zuten makinekin proba desberdinak egin eta euren erabilera ikusteko. Neurketa sistema eramangarriak izan ziren saoian erabilgarri. Neurketak azkar egiteko aukeraz gain, neurketa oso zehatzak eskaintzen dituzte sistema hauek, erabilgarriak batez ere pieza handiekin eta fabrikazio prozesuan bertan erabil daitezkeenak.

Goiz osoko saio teknikoa ikasleen formazioaren baitan txertatzen du Usurbilgo Lanbide Eskolak.