EAJk aurrekontuen atzerapena salatu du

Txintxarri Aldizkaria 2015eko apirilaren 17a

Lasarte-Oriako EAJk aurrekontuen zirriborroaren atzerapena salatu du gaur goizean eskainitako prentsaurrekoan.

Estitxu Alkorta eta Boris Nogales EAJko zinegotziek azaldu dutenez, EAJk ez du ulertzen Lasarte-Oriako EHBilduko Udal gobernuak 2015 urteko aurrekontuen zirriborroa aurkezteko atzerapena.

Izan ere, alderdi jeltzalearen hitzetan duela hilabete eta erdi hiru alderdiak, EAJ, LOHP eta EHBildu akordio politiko batera iritsi baitziren.

"Lehen urtea da alkatetzak zer egin hori hartzen duela bere esku eta legealdi honetako berantiarrenak izango dira," azpimarratu du Estitxu Alkortak.

Era berean, "datorren astean zirriborroa presaka aurkezten badute ere, hiru aste beharko lirateke udalbatzarrera eramateko eta horrek esan nahi du hauteskunde bezperan aurrekontuen udalbatzarra egin beharko litzakeela. Guri ez zaigu oso egokia iruditzen", jakitera eman du EAJk.

Eta "guk gure hitza mantenduko dugu eta udalerriaren beharrak babestuko ditugu, beti ere, proiektua aldatzen ez bada," gaineratu dute.

Puntuak
Akordio horren arabera EAJk aurrekontuetan oinarrizko zortzi puntu egotea lortu duela ere aurreratu du Alkortak, EAJko zinegotziak. 

"Gastu korrontea murriztu da, Gizarte Zerbitzuetako partida eta arlo guztietako diru laguntzak ikutu gabe," adierazi du.

Era berean, enplegu sustapenerako, Sasoetako soportalak bota ondoren urbanizazio lanak egiteko, kaleetako asfaltatze lanetarako, Mercero museo digitala martxan jarri eta bere lanaren zati bat digitalizatzeko eta Santa Ana pala txapelketarako diru partidak adostu dituzte. 

Asfaltatuari dagokionez, "iazko soberakineko kopuru bat erabili behar zen horretarako, baina ez dute dirua ongi kudeatu eta beraz, aurtengo aurrekontuetan sartzea eskatu dugu" jakitera eman du.

Azkenik, EAJk bere lana bete duela eta orain guztia martxan jartzea EHBilduren esku dagoela azpimarratu dute alderdi jeltzaleko zinegotziek.