Udalbatzarraren funtzionamendu eta antolaketa, alkatea aukeratzeko sistema, zinegotzien eskubide eta betebeharrak... Gisa horretako xehetasunak jasotzen ditu 61 orri dituen Lasarte-Oriako Udaleko Araudi Organikoak.
Prentsaurrekoa eman du gaur goizean Jesus Zaballos alkateak, dokumentuaren nondik-norakoak azaltzeko. Beste ezer baino lehen, nabarmendu du “historikoa” dela araudi propio bat ezartzea, udalerriaren historian lehena baita. Erregimen Lokalaren Oinarrien Legearen arabera jardun du Udalak orain arte.
“Funtsean, Udalaren jarduera denak erregulatzen ditu araudiak; hori da erakundearen dokumentu garrantzitsuena gaur egun”, zehaztu du Zaballosek.
Araudiaren ezaugarriak
Erregulatu diren prozeduren artean dago adibidez mozioak aurkezterakoan nola jokatu. Jatorrizkoak direnei alternatiboak aurkezten dizkiete alderdiek askotan. Plenoetan azken horiek aztertzen dira lehenengo eta, onartuz gero, jatorrizkoa ez da lantzen. Alkateak esan duenez, alderantziz egingo dute hori orain.
Bozeramaileen batzarrari udal organo izaera ematea ere erabaki dute, alkateak jakinarazi duenez: “Alkatearen esku zegoen orain arte batzar hori deitzea edo ez”.
Bestalde, oposizioko alderdi guztiek espazio propio bat edukiko dute udaletxean, korporazioan dituen kide kopuruaren araberakoa.
Aipatutakoez gain, beste hainbat alor erregulatzen dira bertan: alkatearen aukeraketa, korporazioa nola osatu, alderdi politikoen eraketa, etab.
“Gehiengo zabala”
“Ahalik eta gehiengo zabalena” lortzen saiatu da alkatetza dokumentua plenora eraman aurretik, alkateak azpimarratu duenez. “Proposamenak ez zuen kontrako bozkarik jaso astearteko udalbatzarrean; 13 aldeko eta 4 abstentzio, hain zuzen. Eskerrak eman nahi dizkiet alderdi politiko guztiei horregatik; denon artean egindako lanaren isla da”.
Aurreko legealditik dator egitasmoa, Zaballosek zehaztu duenez: “EH Bilduk ekin zion lanketari, baina lanketa mahaia legealdiko azkeneko seihilekoan eratu zen eta ez zigun denborarik eman onartzeko. Erabaki dugu orain arte itxarotea, alderdi berri bat sartu baitzen maiatzan, Lasarte-Oriak Ahal Du hain zuzen; haiek ere aztertzeko denbora edukitzea bidezkoa zen”.
Aurreko gobernuak kritikatu zituen, gehiengoa eduki dutenak batez ere, “30 urteren buruan araudia egin eta adosteko gai ez izateagatik”. Erdarazko bertsioa soilik dago oraingoz; euskarara itzultzera bidali du jada Udalak.
"Espero dugu hainbat urterako baliogarria izatea onartu berri dugun araudia; datorren legealdian beste alderdi batek gehiengoa lortuko balu ere errespetatzea, horregatik saiatu gara ahalik eta adostasun maila handia eskuratzen", aipatu du Zaballosek.