Soberonen lanak 'Paisaren Murmurioa' erakusketan

Txintxarri Aldizkaria 2015eko apirilaren 11

Koldo Mitxelena Kulturuneko erakusketa aretoan “Paisaiaren Murmurioa” izeneko bildumaz goza daiteke. Paisaiaren ikuspegi desberdinak aurkezten dituzte hainbat artistek, horien artean da Pilar Soberon lasarteoriatarra.

“Paisaiaren Murmurioa”  erakusketa paisaiaren inguruko begirada anitzen sorta da, eta aldi berean, “begirada horietatik eratortzen diren hausnarketak erakusten dira, artisten proposamen eta prozesu ezberdinen bitartez”. 

Erakusketaren antolatzaileek azaldu dutenez, “azken hamarkada honetan azpimarratu behar da teknologia digitalak modu berezian aldatu dituela gure bizimoduak, eta artea ere modalitate berri horretan sartuta dago, non teknozientziak eta globaltasunak ezartzen baitute ordena eta arrazionaltasuna”.

Naturaren aldeak

Pilar Soberon herritarraren lanekin batera daude, Iranzu Antona, Maria Cueto, Arantxa Guereño, Alvaro Matxinbarrena, Jaime de los Rios, Iñigo Royo, Unai San Martin, Soinumapa.net eta Gentz del Valle artistenak ere. 

Bakoitzak esparru bat lan-tzen du eta argazkiekin batera, bideo proiekzioak, eskulturak edota bestelako euskarrietan egindako artelanak ikus daitezke. 

Naturaren bi aldeak erakutsi nahi dituzte lanek, literaturak sortutako 'locus amoenus' terminoak leku idiliko eta atsegin gisa, iradokitzen du badagoela paradisuko, bakezko eta soseguzko natura bat. 

Baina, era berean, badago 'locus horrendus' deitutakoa: goibela, basoaren enigma eta misterio kezkagarria, ezkutukoa eta ezezaguna, lurpekoa eta leizekoa, underground delakoa, mugagabea den muga, paisaia isilak, hondamendiak, etab.

Soberonen argazki izoztuak

Soberonen kasuan, erakusketan, ikusgai daude bere argazki izoztuak. Azaltzen duen bezala,  “bai adiera hertsian, bertan agertzen diren tanta izoztuetan, bai irudizko adieran, denboran izoztuak. Lan horiek eramaten gaituzte amildegi, leize, ahoaren eta naturaren sinbologiara, zenbaitetan irenslea eta femeninoaren sinbolo ezkutu handia duena”. 

Maiatzaren 30a bitartean izango da ikusgai erakusketa hau Koldo Mitxelena kulturunean. Doakoa da sarrera eta herriko artistak bere lanak ezagutzera animatzen ditu herritarrak. 

Honetaz gain, jakinarazi digunez, berriki Italian bere lana ezagutzera emateko aukera izan zuen Etxepare Institutuaren laguntzari esker.