Concha Arraztio 40 urte Lasarte-Orian lanean

Txintxarri Aldizkaria 2016ko urt. 15a, 11:15
40 urte egin ditu Concha Arraztiok Lasarte-Orian. Jesusen Bihotza apostolutzaren ordeneko kide honek harrera pisu baten ardura izan du. Pisu honetan 8 gazterekin batera, familia txikia osatu du. Uztailean, Santa Ana parodian omendua izan zen herrian egindako lanarengatik. Urtarrilaren 7an, 92 urterekin erantzunkizuna utzi eta komentura bueltatu da.

Gaintzan jaio arren, bere bizitza baino gehiago Nafarroako herri txiki horretatik urrun egin du Concha Arraztiok.

Donostira iritsi zen 12 urte zituela eta 16 eta 18 urte artean, neskame lanak egin zituen apaiz baten etxean. 18 urteak bete eta Jesusen Bihotzaren apostolutzaren ordenean moja sartu zen.

Besteei eskainitako bizitza
Cerceñako komentuan izendatu zuten monja eta bertan egin zituen hainbat urte misioetara joan baino lehen.   32 urte egin zituen Kuba, Santo Domingo, Haiti eta Puerto Ricon.
Baina Madrilera bueltatu behar izan zen gibelaren gaixotasun bat zela eta. 

Osatutakoan Martutenera etorri zen Concha eta irratiari esker, Nuevo Futuro elkartearen proiektu berri bati buruz jakin zuen, harrera pisuak. 
Beharra zuten haurrekin lan egiteko gogoa zuen Conchak eta pisu hauetako baten arduradun izan nahi zuela erabaki zuen.
Bere nagusiei jakinarazi zien erabakia eta hauen onespena izan ostean, hainbat proba gainditu behar izan zituen Conchak harrera pisuko arduradun izateko.
1976 urteko maiatzaren 10ean iritsi zen Lasarte-Oriako pisura.

Hurrengo hilabeteetan familia desegituratutako 8 gazte hartu zituen: Unai, Francisco J. 'Rambo', Manu Valeriano, Martin, Lourdes, Yolanda eta Begoña. Gazteekin batera familia osatu zuen eta amaren lana egin du guztiekin. 

Unairen heriotzak momentu gogorrak izan ziren, baina egoera gainditu egin eta beste kide berri bati ireki zizkion ateak famili honek, Israeli.
Gazteek pixkanaka bere bizitza egin eta pisua utzi dute. Azkena, Francisco J. Adrian 'Rambo' izan da.  Astean zehar, egunez Irungo Garagune zentroan egoten da  eta asteburuetan, berriz, Valeriano bere tutore legalarekin Lasarte-Orian.

Franciscoren egoera konpondu eta osasun arazoak kontuan izanik, Conchak bere nagusiak proposatu legez, ordeneko Martuteneko egoitzara erretiratzeko erabakia hartu zuen eta urtarrilaren 7an utzi zuen Lasarte-Oria.

Eskertza

Herrian oso maitatua izan da Concha urte hauetan guztietan etorkinengatik alde egindako lanagatik. Azken 15 urteetan, 500 bat pertsonari laguntza eskaini zien etxea edo lana aurkitzen. Eta horregatik, esate baterako, uztailaren 26an, Santa Ana parodian omenaldi txikia jaso zuen.

Conchak berak eskerrak eman nahi dizkie Nuevo Futuroko kideei eta Lasarte-Oriako herritarrei egindako harrera eta urte hauetan guztietan eskainitako laguntzarengatik.