Elkarrekin inguru garbiaren alde

Txintxarri Aldizkaria 2016ko urtarrilaren 17a

Larunbatean, hondakinen errausketaren aurka dauden Gipuzkoako hainbat talde bildu ziren Zubietan. Bertan elkarrekin lan egiteko eta errauste-plantaren aurkako hurrengo pausoak eztabaidatu ziren, hala nola, mendi-martxa egitea.

Zubietako erraustegia berriro eraikitzeko egitasmoa aurrera doa eta honekin batera, honen aurkako taldeak ere berpiztu edo sortu dira herrietan, hala nola, Lasarte-Oriako Aire Garbia edo Andoaingo Ipar Haizea taldea. Talde guzti hauen arteko harremana sustatu, indarrak batu eta ekintzak koordinatzeko larunbatean Zubietan batzar orokorra egin zen.

Zubieta inguruko eta Gipuzkoako beste hainbat herrialdeetako 80 bat pertsona izan ziren larunbateko ekimenean bildu zirenak.

Lehenik 'Zubieta SOS. Buruaren eta Bihotzaren aldarria' manifestuari buruz hausnarketa egin zuten. Hau nola hedatu ere landu zen.

Bestalde, talde bakoitzak bere proiektua azaldu eta ekintzen datak koordinatu ziren. 

Ipar Haizea taldea

Hurrengo hilabetean esaterako, Andoainen izango da ekintza bat sortu berri den Ipar Haizea taldearen eskutik.

Larunbatean bertan, aurkeztu zen taldea. Andoaingo bizilagun talde batek sortutako plataforma dugu eta aipatu legez, otsailaren 20an, 'Arduraren aldeko giza katea' egiteko deialdia egin zuten Arrate plazan hasita.

Mendi-martxa

Baina herrietako ekintzez gain, guztiek batera otsailaren 28an erraustegia eraikiko den eremura mendi-martxa berria egitea adostu zuten.

Aire Garbia taldeko kideek azaldu digutenez, hiru zutabe nagusi izango dira egitasmo honetan. Bata Hernani, Astigarraga, Urnieta eta Andoain aldekoa, bestea kosta aldekoa Donostia eta Usurbilgo taldetako kideekin eta azkena, Lasarte-Oria eta Zubieta batuko dituena.

Oraindik gauza dezente zehazteko dago, baina hurrengo asteetan manifestuaren mamiaz eta mendi-martxaren berri izango dugula aurreratu dute.